Gaur zortzi, martxoaren 21ean, izango da Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta Azpeitian izango da data horrek dakarren mezua aldarrikatzeko zein ospatzeko betarik datorren astean.
Azpeitian xenofobiarik ez, inor ez da ilegala leloarekin, elkarretaratzea egingo dute martxoaren 21ean bertan, plazan, 19:00etan, eta ondoren jai kutsua hartuko du aldarrikapenak: jatorri ezberdinetako hainbat jakirekin mokadutxoa egiteko aukera izango da, eta Horacio musikari txiletarraren emanaldiaz gozatzekoa ere bai, Sanagustinpean.
Hilaren 21aren bezperarako eta ondorenerako ere prestatu ditu hitzorduak Elkar-ekinek. Horrela, hilaren 20an, Faxismoa gaur eta hemen izenburuarekin hitzaldia emango du Hedoi Etxartek Sanagustin kulturgunean, 19:00etan. Hilaren 24an, berriz, musikari afrikarrak ibiliko dira herrian, lehendabizi kalez kale eta ondoren Sanagustinen.
"Errealitate gordina"
1960ko martxoaren 21ean, Hegoafrikako Sharpeville herrian apartheid sistema arrazistaren kontrako protesta jendetsua eta baketsua indarrez sakabanatu zuen poliziak: 69 pertsona hil zituzten, eta 186 zauritu. Gertaera haiek gogoan izandatu zuten martxoaren 21a arrazakeriaren eta xenofobiaren egun.
"Mende erdi igaro da gertaera haietatik, baina egun horretan kalera ateratzeko arrazoiek bere horretan jarraitzen dute", Elkar-ekinen esanetan. Arrazakeria eta xenofobia gaur egun ere "errealitate gordina" direla ekarri du gogora taldeak, eta "milioika" direla mundu osoan "beren kolorearengatik, sinesmenengatik, kulturagatik edo ohiturengatik jazarriak eta erasotuak" diren pertsonak. Gertura etorrita, azkenaldian Europan zein Espainiako estatuan indartu den "faxismoaren mamua" eta "eskuin muturra izaten ari den gorakada" aipatu dituzte, eta ohartarazi dute "Azpeitian bertan ere" badirela migratzaileekiko "aurreiritziak eta jarrera desegokiak". Elkar-ekinek azaldu du herrian "arrazakeria eta xenofobia zantzuak presente" daudela "elkarrizketa askotan", eta "han eta hemen komunitate zenbaiten aurkako iritziak entzuten" direla.
Horregatik gonbidatu nahi dituzte herritarrak martxoaren 21eko ekitaldietara, eta hitzordu horiek baliatu nahi dituzte "horretaz guztiaz hitz egiteko eta xenofobiarik gabeko herri bat aldarrikatzeko".