Trikitiaren sehaska bilakatuko da Azpeitiko Soreasu antzokia larunbatean; izan ere, San Jose trikiti jaialdia egingo dute bertan, eta ikus-entzuleek 70eko eta 80ko hamarkadetara jauzia egiteko parada izango dute. Hain zuzen ere, sasoi hartan punta-puntan ibilitako hainbat trikitilari izango da agertokian, baita haien oinordekoak ere. Honako musikari hauek parte hartuko dute aurtengo jaialdian: Mamen Maltzeta, Patxi Aiorga eta Joseba Zabalo; Aizpurutxo anaiak; Laja II.a eta Landakanda; Elortza anaiak; Uitte eta Zabale aita-semeak; Imuntzo eta Epelarre; eta Sakristaua, Egurrola, Epelde, Txato, Izer, Porrutxo, Berastegi eta Iturbide. Jaialdia gaur aurkeztu badute ere, duela egun batzuetatik daude salgai saiorako sarrerak. Are gehiago, sarrera guztiak salduta daudela jakinarazi du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak.
Eskualdeko herritarrez osatutako lantalde bat arduratzen da San Jose trikiti jaialdiaren antolaketaz, eta talde horretako kideetako bat da Ibon Errazu azkoitiarra. Hark azaldu duenez, abenduan hasi ziren jaialdia prestatzen, eta Trikitigiro kultur elkarteak jarri zien aurtengorako gaia: 70eko eta 80ko hamarkadetako trikitilariak. Dena den, Iñaki Garmendia Laja hil ostean "zalantzak" izan zituztela aitortu du: "Omenaldia egitea egokiagoa ote zen pentsatu genuen, baina oraindik denbora gutxi pasatu da hura hil zenetik, eta aurreragorako utzi dugu omenaldia". Gaiari eustea erabaki zuen lantaldeak, eta horrenbestez, zonaldeko trikitilariak eta horien ondorengoak izango dira agertokian. Errazuk adierazi duenez, gainera, musikarietako asko aurreko edizioetan parte hartu gabeak dira: "Trikitilari zaharrak dira pasatu diren hamarkaden testigu. Batzuk besteak baino ezagunagoak dira, baina horiek denak taldean igoko dira oholtzara". Errazuk autokritika ere egin du, jaialdian emakume bakarrak parte hartuko duela aipatuta. "Kritikak iritsi zaizkigu emakume bakarrak parte hartuko duelako saioan, baina saiatu, saiatu gara gehiago izan zitezen. Ezezko batzuk jaso ditugu, eta atera dena atera da". Hark azaldu duenez, "pena" da emakume bakarrak parte hartzea, gaur egungo errealitatea "beste bat" delako: "Dena den, jaialdia ez da hutsa eta gairik gabea, eta gaiari jarraituta, hauxe da atera zaigun kartela".
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak hamabost bat ekitaldi antolatzen ditu urtean zehar batean eta bestean, eta ekitaldi horietan garrantzitsuenetakoa Azpeitian egiten den trikiti jaialdia dela azaldu du elkarteko idazkari Andoitz Antzizarrek. Haren arabera, "pisu" handia du oraindik orain 29 ediziotara iristear den San Jose trikiti jaialdiak, Euskal Herri osotik bertaratzen delako jendea Azpeitira egun horretan: "Hogei bat urte badira Azpeitian egiten dela, eta Udalari eskerrak eman beharrean gaude, gauzak errazteagatik. Gainera, bada jaialdia antolatzeaz arduratzen den lantalde bat eskualdean; horiei esker egiten da egitasmoa". Josu Labaka Udaleko Kultura batzordeburuak trikitiaren transmisioan jarri du arreta. Izan ere, hark adierazi duenez, belaunaldiz belaunaldi ari da transmititzen zaletasuna: "Gure eskualdean, behinik behin, gero eta gazte gehiago dira trikitiaren bueltan lanean ari direnak eta trikitiarekin disfrutatzen dutenak".
https://www.youtube.com/watch?v=MUwlo76e_tc
Jaialdian parte hartuko duten trikitilarietako bat aurkezpen ekitaldian izan da: Imanol Arregi Iturbide. Pandero-jotzaile abila, hamarkadaz hamarkada batean eta bestean panderoa jotzen aritutakoa da Iturbide, eta aurreneko aldia ez badu ere, San Jose trikiti jaialdian izango da beste urte batez. Hark "detaile" bat gustatu zaiola esanez hasi du hitzartzea, jaialdian agertokira taldean igoko diren kideei erreferentzia eginez: "Hiru soinujole eta bost panderista izango gara agertokian, askotan ez da hala izaten. Antolatzaileen artean, bateren bat panderozalea izango da", esan du hark barrez. Hark azpimarratu du "umoretsu" igoko direla oholtzara, "trikitiak hala izan behar baitu".
Panderoa jotzen ez ezik, mingaina astintzen ere ez du akatsik loiolatarrak, eta hainbat anekdota kontaktu du. Katalunian egiten den trikiti jaialdi bat ekarri du gogora: "36 urtez joan naiz, eta iaz joatea nahi nuen zahartu naizela-eta agurtzera. Anaia gaixotu zen, ordea, eta ezin joan. Hasierako urteetan Epelderekin joan nintzen, gero Lajarekin, ondoren Epelderekin berriz ere, Gero Lajarekin berriz... Egundoko jaialdia izaten da, hango publikoa asko gustatzen zait". Ohikoa duen umorearekin zer esan du, barrez: "Nik esaten dudana da gaur egungo hainbat trikitilari eraman dutela jaialdi hartara, baina behin joan dira, eta gu begira zenbat urtez izan garen...". Trikitilari gazteei ere egin die keinua behinola "panderoaren enbajadore" izendatu zutenak: "Pena da hain trikitilari onak izatea, eta horiek hain lan gutxi edukitzea. Gero eta erromeria gutxiago egiten da, eta ez dute aukerarik abileziak erakusteko".
Dokumentalaren aurrerapena
Trikigiro elkartea eta Kulturaz kooperatiba Azpeitiko eta Azkoitiko udalen laguntzarekin ontzen ari diren Urola bailarako trikitiaren eta trikitilarien inguruko dokumentalaren aurrerapen gisako bost minutuko ikus-entzunezko bat emango dute zapatuan, Soreasu antzokian, jaialdiaren barruan. Antzizarrek azaldu duenez, horixe izango da aurtengo berrikuntza nagusia. Dokumentala dela eta, Labakak eskerrak eman dizkie Trikitigiro elkarteko kideei, "lan oso garrantzitsua" egiten ari direlako.