Jai Karnabala elegante hasi dute Azpeitian, eguraldi bikainarekin eta giro ederrean. Ehunka herritar elegante jantzita atera da kalera, eta giro paregabea izan da goiz eta eguerdi partean Azpeitiko Alde Zaharrean. Izarraitz txistulari taldekoen goiz eresiarekin hasi dute inauterietako festa eguna. Segidan, Azpeitiko Udal Musika Bandaren diana izan da. 12:00etan, sokamuturra izan da plazan, Erdikaletik zezena aterata. Lopene ganadutegiko zezena ibili da eguerdiko sokamuturrean. 12:30ean hasi da artzain-inudeen kalejira, eta San Martin egoitzako egoiliarrak bisitatu ondoren, plazan hainbat dantza egin dute Itsasiko dantzariek. Artzain-inudeekin batera, San Sebastian eguneko karroza atera dute gaur ere, Lagun Onak Futbol Taldearen 75. urtemuga du gaia aurtengoak.
Bazkaltzeko tartea hartuta, arratsaldean jarraituko du Jai Karnabaleko festa eleganteak Azpeitian. 16:30ean sokamuturra izango da berriro, baina aurretik 15:00ak arte Incansables txaranga ibiliko da. 19:00etatik 23:00etara, berriz, Rock Kalean elektrotxaranga ibiliko da Alde Zaharreko kaleak girotzen, eta 19:30etik 23:30era Gau Erdi txaranga. Asteartera bitartean festak ez du etenik izango Azpeitian.