Jose Luis Otamendik 'Disoluzio agiriak' poesia liburua plazaratu du

Urola Kostako Hitza 2019ko otsailaren 28a

Bost urtez libururik kaleratu gabe egon ostean, Jose Luis Otamendik (Azpeitia, 1959) Disoluzio agiriak poema liburua plazaratu du. Azpeitiko idazleak Susa argitaletxearen eskutik kaleratu du Disoluzio agiriak lana, eta gaur, otsailak 28, aurkeztu du Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. 

Susaren arabera, Otamendik dio "une honek" beste poesia molde bat "behar" duela: "Bizi ditugun garai aldakorrek sortutako galderak plazaratu ditu idazleak liburu honetan, eta galdera horiek egiteko, poesia molde berri bat bilatu du, betiko Otamendi izateari utzi gabe".  Argitaletxeak aurreratu duenez, zahartzen ari den gorputz baten kezkak, minak eta grinak ageri dira Otamendiren olerkietan. "Giro politiko eta sozialari erreparatzen dion gorputz bat, bera baino lehenago zahartutakoen zaintzaren bidez etorriko zaiona ikusten duena". Bost urte igaro dira Otamendik azken liburua kaleratu zuenetik. Oraingo honetan, irakurleak "idazlearen hasierako poemetako samurtasuna eta surrealismoa" aurkituko dituela aurreratu du Susak. "Urteek eman dioten aberastasun teknikoarekin, gainera".

Azpeitiko Kultur Mahaiko teknikari Xabier Gantzarainek egin du Otamendiren Disoluzio agiriak liburuaren azala. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide