Eskualdeko lau erremontista lehiatuko dira IX. Sagardoaren Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2019ko otsailaren 27a

Aizarnazabalgo Segurolak eta Agirrezabala, Labaka eta Ion azpeitiarrek jokatuko dute IX. Sagardoaren Txapelketa. Bihar jokatuko da lehen partida, eta Labakak eta Utergak Juanenearen eta Azpirozen kontra neurtuko dituzte indarrak. Sariketaren finala maiatzaren 4an izango da.

Hastear da erremonteko IX. Sagardoaren Txapelketa, eta aurtengoan ere ez da eskualdeko kirolaririk faltako lehiak irauten duen bitartean. Agirrezabala, Labaka eta Ion azpeitiarrek eta Aizarnazabalgo Segurolak jokatuko dute txapelketa, beste hamabi lagunekin batera. Guztira, zortzi bikotek parte hartuko dute sariketan, eta bakoitzak sagardotegi bat ordezkatuko du: Segurola-Endika (Petritegi), Juanenea-Azpiroz (Larre Gain), Ezkurra II-Garces (Gurutzeta), Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar), Uterga-Labaka (Bereziartua), Etxarri-Ion (Altzueta), Urriza-Zaldua (Gaztañaga) eta Ansa II-Agirrezabala (Setien).

Zortzi bikote horiek bi multzotan banatuko dira. A multzoan Segurola-Endika (Petritegi), Juanenea-Azpiroz (Larre Gain), Uterga-Labaka (Bereziartua) eta Urriza-Zaldua (Gaztañaga) bikoteak lehiatuko dira. B multzoa, berriz, Ezkurra II.ak eta Garcesek, Goikoetxea V.ak eta Barrenetxea IV.ak, Etxarrik eta Ionek eta Ansa II.ak eta Agirrezabalak osatuko dute. 

Multzo bakoitzeko hirugarren eta laugarren sailkatuek elkarren kontra jokatuko dute final zortzirenetan, eta irabazleek final laurdenak jokatuko dituzte lehen fasean bigarren sailkatu direnen kontra. Behin ligaxka jokatuta, multzo bakoitzeko bi bikote onenak sailkatuko dira finalaurrekoetara. Finala maiatzaren 4an izango da, Hernaniko Galarreta frontoian.

Txapelketako lehen partida bihar, osteguna, jokatuko da. A multzoko Utergak eta Labakak talde bereko Juanenearen eta Azpirozen kontra neurtuko dituzte indarrak Galarretan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide