Azpeitiko kaldereroek inauteri giroan murgildu dute herria

Urola Kostako Hitza 2019ko ots. 23a, 21:14

Ate joka daude aurtengo inauteriak, eta dagoeneko festa usaina nabari da Azpeitian. Izan ere, inauteri giroan murgiltzen hasteko kaldereroek urteroko bisita egin dute gaur, otsailak 23. Ehundik gora lagun, haur, gazte zein heldu, Alde Zaharreko kaleetan barrena ibili dira Trapu Zaharrak eta Kalderero martxa abesten. Arana kaletik abiatu da kaldereroen konpartsa, Udal Musika Bandak eta Juan Antxieta musika eskolako kideek lagunduta. San Martin egoitzako egoiliarrei bisita egin ostean, Bustinzuriko Errebaletik, plazatik, Enparan kaletik, Erdikaletik, Elizkaletik nahiz Donejakue kaletik igaro dira, eta plazan bukatu dute kalejira.

Jende ugari gerturatu da plazara zein kalera kaldereroen kalejira ikustera. Beste urte batez giro ederrean aritu dira abestu bitartean zartaginei mailuekin kolpe egiten, Musika Bandako kideek eta Juan Antxieta musika eskolako kideak lagun.

Bihar, musika bandaren txanda

Udal Musika Bandak bihar, igandea, eskainiko du urtero ematen duen karnabaletako kontzertua. Emanaldia Sanagustin kulturgunean izango da, 13:00etan hasita. Kontzertuan zehar Azpeitiko karnabaletako abestiak eskainiko dituzte bandako kideek, eta Azpeitiko Argazki Elkarteak irudiz jantziko du kontzertua. Izan ere, iazko Karnabaletan ateratako argazkien proiekzioa ikusi ahal izango da Sanagustingo pantaila handian kontzertuak irauten duen bitartean.

Honako hauek dira kontzertuan eskainiko dituzten abestiak:

  • Txarri baten gibela 
  • Sarralle buru haundi
  • Pello Bixente
  • Inauteriak
  • Goiz-eresia
  • Lolita
  • Soka mutila
  • Nere andrea
  • Gure kuadrillan
  • Iskillun maskillun
  • Xirri bat egin nion
  • Idiarena
  • Bihotz eritua
  • Suzko zezena
  • Gora karnabalak, miamol!
  • Sagardo tokian

Azpeitiko kaldereroen argazki bilduma, hemen:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide