Ohi bezala, hamar bat laguneko kuadrillatxoa elkartu zen atzo goizean Azpeitiko udaletxe azpiko arkupeetan, eguneko ibilaldiari ekiteko. Amets Amubieta (Azpeitia, 1997) gidari zutela, igerilekuko fitness gelara egin zuten irteera. Duela bost urte martxan jarritako Azpeitibili egitasmoan parte hartzen dute, eta gogotsu elkartzen dira guztiak, astelehenero eta ostegunero, kirol pixka bat egiteko. Ordu eta erdi inguruko saioak egiten dituzte.
Gaur-gaurkoz, hamasei lagun daude taldean izena emanda. 65 eta 85 urte artean dituzte, eta erretiratuak dira gehienak. Guztiak emakumeak dira, begiralea izan ezik. "Hasi izan dira gizon batzuk irteeretan parte hartzen, baina ez dakit zergatik, utzi egin diote etortzeari; beldurtu-edo egingo ditugu", bota du batek umorez.
Egitasmoaren helburua da herritarrak kirola egitera animatzea, eta partaideen arabera, oso dinamika "egokia" da horretarako. Hilabete osoko agenda izaten dute, eta saio bakoitzean ibilbide ezberdina egiten dute: batzuetan Lasao aldera joaten dira, besteetan Loiolara, Azkune fruta denda aldera ere bai... Loiolako ariketa gunean ere izan ziren duela gutxi. "Ez gara ibiltzera bakarrik joaten, gauza ezberdinak probatzen ditugu", azaldu du Amubietak.
Partaide guztiek uste dute erretiratu ostean garrantzitsua dela ariketa pixka bat egitea. Haien arabera, gorputza mugitzeak abantaila asko ditu: "Osasun fisikoarentzat ez ezik, buruko osasunarentzat ere lagungarriak dira irteera hauek. Izan ere, kotilleo ugari izaten dugu taldean, eta horrek gaitz askotatik sendatzen du", azaldu du Arantxa Azkunek. Denei ondo etortzen zaie elkarrekin egotea, hitz egitea nahiz lagun berriak egitea.
Olga Rojak nabarmendu du asko lagundu diola Azpeitibili egitasmoan parte hartzeak. "Norberak bere kontura kirola egitea zailagoa da, baina konpromiso bat hartzen baduzu, errazago animatzen zara. Ni bakarrik ez nintzateke aterako", esan du. Gainera, osasunean ere nabaritu du hobekuntza. "Lehen, gorputz atal bateko mina ez bazen, bestekoa izaten nuen: belaunekoa, aldakakoa... Beti ibuprofenoa hartzen ari nintzen, eta ariketa egiten hasi naizenetik, min gutxiago dut. Orain gutxiago joaten naiz medikuarenera. Terapia bat da hau niretzat".
Amubieta hil honetan hasi da taldea gidatzen, eta hark azaldu du "gustura" dabilela zeregin horretan. "Umore ona dute, eta giro ederra dugu taldean".
Gaur egun, saioak begirale batekin egiten badituzte ere, lehen ez zen horrela. Hasieran, lau emakume elkartzen ziren, beraien kontura; tartean ziren, gaur egun oraindik egitasmoan parte hartzen duten Arantxa Azkune eta Juana Mari Arozena. "Loiolara joan eta etorri egiten genuen geure kontura, astean bi aldiz". Gero, Azpeitiko Udalarekin bilera bat egin zuten, eta proiektua herrira zabaltzeaz gain, begiralea jarri zien erakundeak.
2014ko martxoaren 27an egin zuten hamar lagunek Azpeitibili egitasmoaren aurreneko saioa. Bost urte igaro dira ordutik,
eta oraintsu arte Maider Aizpurua (Zestoa, 1982) izan da saioen gidaria. Hasieratik egitasmoak harrera "ona" izan duela azaldu du Aizpuruak. "Jende desberdina animatu da paseo saioetara, eta lagun talde polita osatu dute".
Balorazio "positiboa"
Egitasmoa "oso polita" iruditzen zaio zestoarrari, herritarrei ariketa fisikoa egiteko eta jendea ezagutzeko aukera eskaintzen dielako. Gainera, haren aburuz, "askoz errazagoa" da ariketa fisikoa taldean egitea. Horrez gain, jarduera fisikoa "beste ikuspuntu batetik" ezagutzeko aukera izan du: "Ikusi dut jarduera egitea, arlo fisikoaz gain, beste arlo batzuk lantzeko ere erreminta ona dela; adibidez, harremanak sortzeko, sendotzeko...".
Aizpuruak bost urteotako ibilbidearen balorazio "positiboa" egin du, eta herritarrei egitasmoan parte hartzera animatzeko deia egin die.