Irakasle teknikoak, haserre

Ihintza Elustondo 2019ko otsailaren 13a

Idoia Iturralde, Aitor Unanue, Julen Santesteban, Nerea Illarramendi eta Eddy Carrasco. (Ihintza Elustondo)

Aitor Unanuek Donostiako Easo politeknikoan egiten du lan, Julen Santestebanek Gasteizko Mendizabalan, Nerea Illarramendik Bergarako (Gipuzkoa) Miguel Altunan, Eddy Carrascok Derioko (Bizkaia) Nekazal Eskolan eta Idoia Iturraldek Usurbilgo (Gipuzkoa) Lanbide Eskolan. Hiru, bost, hogeita bost, zortzi eta bost urte daramatzate irakaskuntzan, hurrenez hurren. Badute esperientzia, baina inork ez du lanpostu finkorik. Are gehiago: ez diete uzten lehiaketa publikoetara aurkezten, irakasle teknikoak direlako; hau da, Lanbide Heziketan goi mailako titulazioak dituztelako, baina ez direlako lizentziatuak. "Haserre" daude.

Bere garaian, Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketako lan poltsan irakasleak behar zituen, eta orduan, irakasle teknikoak sartu ziren zerrendetan, eskatutako baldintzak betetzen zituztelako. Lanean hasi ziren orduan, oposizioetara ezingo zirela aurkeztu jakin gabe. Dena den, iaz jaso zuten "ostikada": 2018an oposizioak egin zituzten, eta ezin izan zuten deialdira aurkeztu.

2007ko errege dekretu bat da gatazkaren oinarria. Lege horrek jasotzen du irakasle teknikoak ezin direla Lanbide Heziketan postu finko bat eskuratzeko lehiaketa publikoetara aurkeztu, soilik lizentziatuek dutela horretarako aukera. Dena den, dekretu hori orain arte ez da aplikatua izan. Esate baterako, 2015ean irakasle falta zegoenez, zerrendetan sartu ziren teknikari tituludunak. "Nahi duten bezala aplikatzen dute legea", dio Unanuek.

Egoeraren gordintasuna nolakoa den azaldu du Iturraldek. "Irakasleoi lan esperientziagatik puntuak ematen dizkigute, eta zenbat eta puntu gehiago izan, gorago kokatzen gara zerrendan. Dena den, hemendik aurrera hiru urtetik behin oposizioak antolatzeko asmoa dute, eta guk deialdi horietara aurkeztu ezin dugunez, pixkanaka atzera egingo dugu zerrendan. Gure atzetik datozenek guk lortu ezin ditugun puntuak eskuratuko dituzte". Beraz, edozein momentutan kaleratuak izateko arriskua dute. "Desagertzen joango gara pixkanaka", erantsi du Santestebanek.

Adibide bat ere jarri du hark. "Lizentziatura oraintxe atera duen jendea aurkez daiteke oposizioetara, esperientziarik izan gabe, eta guk ez dugu horretarako aukerarik". Unanuek honakoa erantsi du: "Posible da pertsona bat 2006az geroztik postu berean egotea, eta iaz Ingeniaritza amaitu zuen pertsona batek plaza lortu eta hark alde egin behar izatea". Kontraesan bat ere aipatu dute: lizentziatura guztiek balio dute oposizioetara aurkezteko, edozein dela ere arloa. "Izan zaitezke ingeniari agronomo edo aeronautiko bat eta ibilgailuen mantentze lanetako oposizioetara aurkeztu", salatu du Iturraldek.

Illarramendik argi utzi nahi izan du ez direla ari lizentziatutako irakasleen aurka borrokan. "Guk praktikara bideratutako irakasgaiak baino ezin ditugu eman. Lizentziatuek teorikoagoak eman ohi dituzte, baina praktikoak emateko aukera ere badute. Guk ez dugu eskatzen haiek ematen dituzten irakasgaiak ematea, ezta beraiek adina kobratzea ere. Ez goaz haien kontra. Guk nahi duguna da betidanik eman ditugun irakasgaiak ematen jarraitzea eta ez galtzea orain arte izan ditugun eskubideak".

Uste dute "osagarriak" direla irakasle teknikoak eta lizentziatuak Lanbide Heziketan. "Beharrezkoa da lan munduan esperientzia eta ikuspegi praktikoa duen jendea ere. Lizentziatuenak eta gure ezagutzak bateragarriak dira", adierazi du Carrascok. Santestebanek dio lankideen artean ez dutela inolako arazorik. Are gehiago: "Irakasle horiek babestu egiten gaituzte gure borrokan".

Irakasle teknikoak itxialdian.

200 kaltetutik gora
Lanbide Heziketan 26 ikasketa eremu daude, eta horietatik hamaseiri eragiten die gatazkak oraingoz. Gainontzeko hamar arloetako irakasle teknikoak aurkez daitezke oraindik lehiaketetara. "Baina horrek ez du esan nahi gainontzeko eremuetako irakasleak kaltetuak izango ez direnik hemendik urte batzuetara", azaldu du Illarramendik. Guztira, 200 langile ingururi eragiten dio aferak oraingoz, baina beste arloak ere kaltetuz gero, "beste horrenbeste edo gehiago" izango lirateke.

Bost azpeitiarrek lan egiten duten esparruak kaltetuen artean daude. Dena den, Illarramendi salbuespen egoeran dago: 2007a baino lehenagotik ari da hura lanean, eta horregatik, aurkez daiteke oposizioetara. "Baina nire titulazio bera duten beste batzuek ezin dute, eta agian, niri ere hemendik urte batzuetara esango didate ezin dudala", dio. Horregatik, borrokarekin bat egitea erabaki du.

Bizi duten egoera salatzeko, itxialdia hasi dute irakasle teknikoek. Urtarrilaren 9an, Gasteizko Mendizabala ikastetxeko irakasleek jarri zuten martxan protesta –tartean zen Santesteban–. Araban egoera berean dauden irakasle teknikoak txandaka gauak pasatzen hasi ziren eskolan, eta otsailaren 4an, protestara batu ziren Gipuzkoako irakasleak ere; haiek Easo politeknikoan ari dira gauak pasatzen. Orain, txandaka egiten dute itxialdia: astebete Gasteizen, eta astebete Gipuzkoan. Bizkaiko irakasleak ere protestara laster batuko direla aurreikusten dute.

Bi bilera ere egin zituzten Jaurlaritzarekin, urtarrilean. Bigarren bilerara proposamen bat eraman zieten gobernuko ordezkariek, baina irakasleen arabera, ez zen onargarria: "Legeak dioena betetzea izan zen haien proposamena".

Irakasleek uste dute ezin dela beraiekin horrela jokatu. Argi dute aferak luze joko duela, eta pixkanaka pausoak ematen jarraituko dute. Babesa eman nahi duen edonork parte har dezake itxialdietan; ez dago horretarako irakasle izan beharrik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide