Libe Aranburu bikoiztailea

"Euskaraz bikoizterik ez dela behar uste badute, esan dezatela"

Julene Frantzesena 2019ko otsailaren 7a

Orain dela hamabost urte hasi zen Libe Aranburu (Azpeitia, 1982) hainbat pertsonairi ahotsa jartzen. Lan baldintza eskasak tarteko, lanuztea hasi dute Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko kideek.

Lanuztea hasi duzue Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko kideok. Zein da egoera?

Azken urteetan, bikoiztaileon lanaren salneurriak izugarri jaitsi eta lan baldintzak ikaragarri kaskartu dira. Izan ere, erkidegoko enpresek konpententzia handia egiten diote elkarri, eta ETBk euskarazko bikoizketa lanen lehiaketa bat ateratzen duen aldiro, prezioa jaisteko eskatzen die enpresa horiei. Elkartea sortu dugu gure lana ez dagoelako araututa Euskal Autonomia Erkidegoan, 90ko hamarkadaz geroztik ez dagoelako bikoizketaren gaineko inolako legerik. Hori baliatuta, enpresek tarifa eta ordainsarien jaitsiera guztiak automatikoki ezartzen dizkigute defentsarik ez dugun langileoi. Pentsa, greba egiten ari garela esatea ere ez da zuzena. Bagudu greba egiteko eskubidea, baina praktikoki, kontraturik ez dugunez, lanuzteak egiten ditugu.

Zerk bultzatuta hasi duzue lanuztea?

Diru eskasia dela eta, gure lana edozein modutan egiten dela ikusteak eraman gaitu lanuztera. Eusko Jaurlaritzak halako edo bestelako euskarazko film bat zinema aretoetan ikusgai dagoela iragartzen du hilean behin, baina bien bitartean bikoizketako profesional izateko aukera kendu digute, eta horretan aritzen diren enpresak zabalik mantentzea edo Zineuskadi programak martxan jarraitzea gure bizkar utzi dute.

Zer ondorio izan ditzake lanuzteak?

Guretzat ondorioak izan ditu dagoeneko; izan ere, baldintza horietan lan egitera ukatu garelako, lehendik genituen lanak ere kendu egin dizkigute. ETBrentzat bikoizten diren marrazki bizidunetan elkarteko kideok genituen paperak beste langile batzuk ari dira egiten. Horiek, lan baldintza eskasagoak onartzeaz gain, gure pertsonaiak kendu dizkigute. Gainera, inolako azalpenik eman gabe, lanbidera jende berria erakartzen ari dira, enpresek daukaten ahots eskasia bikoiztaile ez profesionalekin betetzeko. Bestalde, zaila da lanuzteak gizartean izan ditzakeen ondorioez zerbait esatea. Elkartearen ustez, inork gutxik ikusten du ETB, eta, beraz, arazoa txikia da. Hamarkadak daramatzagu horrela: inork ikusten ez duen euskarazko telebista eredu batekin, baina edukietarako behar genukeen dirua gaztelaniazko realityean xahutzen.

Protesta hastearekin, zeri egin diozue uko?

Elkarteak uko egin dio ETBrentzat lan egiten duen enpresan aritzeari, aipatutako baldintza eskasengatik. Horrez gain, momentuz, Zineuskadi programako filmik ez bikoiztea erabaki dugu, erantzukizun osoa jaurlaritzarena delako. Arazoa konpontzeko eskumenak eta bitartekoak erakunde horren Hizkuntza Politika Sailak eta EITBk dauzka. Euskarazko bikoizketak egon behar baldin badu, gure lanbideari gutxieneko duin batzuk ezarri behar dizkiote, baina uste badute euskarazko bikoizketarik ez dela behar, esan dezatela jendaurrean. Ezin dutena da egoera bere honetan mantendu, eta horren aurrean bi aukera daude: hartzen dute benetako konpromisoa lanbidea aurrera ateratzeko moduko lan bolumenarekin, edo batere ez.

ETBk inoiz baino bikoizketa ordu gutxiago kontratatu ditu. Zer gertatu da?

Urteetan ari gara salatzen ETBk euskararekin jokatzeko duen modua. Denetarik esan digute: gehienetan, diru eskasia dagoela eta beste mila ipuin. Falta dena da borondate politikoa. Ez dago interesik ikus-entzunekoetan euskara sustatzeko, dagoen ereduak gaztelaniari ematen baitio bultzada beti. ETBk ekoizten dituen sei saio garestienetako aurreneko bostak gaztelaniazkoak dira. Orduen murrizketa %90 ingurukoa da, eta zer esan behar dugu bikoizten den edukiaren kalitateari edo arrakastari buruz? Azken hamar urteetan, gidoiaren jarraipena duen marrazki bizidunen atalkako saio bakarra eman dute ETB 1en: One Piece anime telesaila. Aldiz, gaztelaniaz guztia ikusi ahal izan dute haur euskaldunek beste kate batzuetan. Haurren gehiengoak zer hizkuntzatan ikusi du Bob Esponja edo Pokemon? Euskaraz horien 50 atal bikoiztu ziren; gaztelaniaz, berriz, oraintxe ari dira Espainian 28. denboraldia bikoizten.

Zergatik etorri da beherakada?

Arazoaren gakoa EITBren aurrekontuetan bilatu behar da. Jaurlaritzatik jasotzen duen diruarekin langileen soldatak ordaintzen dituzte, eta soberan geratzen denarekin ordaindu behar dira edukiak. Banaketa horretan euskara baztertu egiten dute, eta gaztelaniaz egiten diren programak dira horren adibide onena: milioi eta erdi euro ingurukoa da El conquistador programaren aurrekontua. Urte guztian gaztelaniaz eta euskaraz bikoizteko behar den aurrekontua hori baino txikiagoa da.

Zer sustatu behar lukete erakunde publikoek bikoizketari dagokionez?

Berriz ere bikoiztutako edukiak sortzeko ohituran eragin behar lukete, telebistaren sorreran, 80ko hamarkadan, egindako moduan. Laugarren eta bosgarren mailako edukiak bikoiztu beharrean, kalitatezko produktuak landu behar lituzkete. Horrelako edukiak parrillan jarrita erakarri behar dira herritarrak euskarara. Dakitenentzat eta ez dakitenentzat izango da baliagarria, eta ez du balio hizkuntzaren ahozkotasuna sustatzeko gaztelaniaz azpidazteak.

Bikoiztaileen egoera zuenaren antzekoa al da batean eta bestean?

Estatu mailan, Madrilen dute gure lanbideari zuzendutako hitzarmen bakarra. Katalunian badute sindikatu indartsu bat, eta lanean dabiltza. Gurean, berriz, zer esan... Madrilen dauzkaten salneurrien bostena-edo izango da guri ordaintzen digutena. Eta gainera lanik ez dago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide