Hilaren 16an egingo du Lagun Onak MBk Ardoaren eta Arrainaren ibilbideko bigarren etapa

Urola Kostako Hitza 2019ko otsailaren 6a

Gernika eta Iurreta lotuko dituzte Azpeitiko mendizaleek. Hilaren 14a arte eman daiteke parte hartzeko izena, elkartearen tabernan edo webgunean.

Ardoaren eta Arrainaren ibilbideko bigarren etapa, Gernika eta Iurreta artekoa, otsailaren 16an egingo du Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak.

07:30ean ekingo diote ibilaldiari; ordu horretan hartuko dute autobusa anbulatorio aurrean, Gernikara joateko. Gernikan, GR-38a jarraituz iritsiko dira Elejalde auzora; bertan 15 minutuko geldialdia egingo dute, hamarretakoa egiteko. Ondoren, ibilaldian aurrera eginez, Albiz auzotik pasatu eta Oiz mendi aldera igoko dira. Hori atzean utzita, Maguna auzora iritsiko dira, bazkaltzera; ordu erdiko geldialdia egingo dute han. Bazkaldu ostean, Goiuria/Garai ingurutik pasatuta, Iurretara jaitsiko dira.

Ibilaldia 16:30- 17:00 aldera amaitzea aurreikusten dute, Iurretan autobusa hartu eta Azpeitira itzuli aurretik.

Gernika-Iurreta ibilaldiak 1.445 metroko desnibela du goraka, eta 1.336 metrokoa beheraka.

Irteeran parte hartzeko izena otsailaren 14rako eman beharko da, bai elkarteko tabernan, bai webgunean. Lagun Onak MBko bazkideek 8 euro ordaindu beharko dute, eta bazkide ez direnek, berriz, 10 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide