Berri Txarraken Azpeitiko kontzerturako sarrerak eskuratzeko ilaran da hainbat herritar

Urola Kostako Hitza 2019ko otsailaren 5a

17:00etan jarriko dituzte salgai Berri Txarrakek otsailaren 21ean, ostegunez, Sanagustin kulturgunean eskainiko duen emanaldirako sarrerak, baina dagoeneko hainbat dira sarrerak eskuratzeko ilaran diren herritarrak.

Sanagustin kulturgunearen atarian ilara sortu da gaur goizean.

Gaur, asteartea, 17:00etan jarriko dituzte salgai Berri Txarrakek otsailaren 21ean, ostegunez, Sanagustin kulturgunean eskainiko duen emanaldirako sarrerak, baina dagoeneko hainbat dira sarrerak eskuratzeko ilaran diren herritarrak; goizetik dozenatik gora lagun daude kulturgunearen atarian.

Guztira, 500 sarrera jarriko dituzte salgai kulturguneko leihatilan, eta Internet bidez ezingo dira erosi. Aldiz, Kultur Bonoa dutenek aski izango dute kontzertuaren unean txartel hori sarreran erakutsita. 18 euro ordaindu beharko da sarrera bakoitza, eta herritarrek, gehienez, launa sarrera eskuratu ahal izango dituzte. Azpeitiko gisan, Berri Txarrakek kontzertua eskainiko duen beste hainbat herritan ere sortu dira dagoeneko sarrerak eskuratzeko ilarak, hala nola Gernikan (Bizkaia), Ondarroan (Bizkaia) eta Altsasun (Nafarroa).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide