Futbola bihotzean eta balioak zelaian, 75 urte bete ditu Lagun Onakek

Maialen Etxaniz 2019ko urtarrilaren 31

Azpeitiko Lagun Onak futbol klubak 75. urte bete ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko denetariko ekintzak egingo ditu urte osoan zehar. Klubaren balioak zabaldu ez ezik, herritarren parte hartzea bilatu eta sustatu nahi du Lagun Onakek, eta, horregatik, kirol arlotik haragoko egitasmoak prestatu nahi ditu urteurrenaren bueltan. Besteak beste, jokalari ohien arteko partidak, mahai inguruak, kulturari lotutako ekintzak, argazki erakusketak, haurrentzako eta gaztetxoentzako liburuxkak, Realaren partida eta 75 urteko historia jasoko dituen liburua dira Lagun Onakek esku artean dituen proiektuak.

Lagun Onakeko ordezkariak eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak. (Maialen Etxaniz)

Urte garrantzitsua eta berezia da aurtengoa Lagun Onak futbol klubarentzat, 75 urte beteko baititu. Urtemuga herritarrekin batera ospatzeko denetariko ekintzak eta egitasmoak egingo ditu Lagun Onakek urtea amaitu artean. Futbol taldearen urteurrena ospatzeko esku artean dituzten egitasmoen inguruko lehen zertzeladak azaltzeko agerraldia egin dute gaur, osteguna, Lagun Onakeko zuzendaritzako ordezkariek, futbol taldeari lotutako zenbait lagunek eta Azpeitiko Udaleko ordezkariek. 

Historiaz betetako kluba

1944. urtean sortu zen Lagun Onak futbol taldea. Orduz geroztik, ehunka herritar igaro dira taldetik, eta beste horrenbestek lagundu dute kluba, era batera edo bestera. Lagun Onaken historiak utzitako zenbakiei eta izenei erreparatu die Eneko Etxeberria alkateak gaurko agerraldian: "Lagun Onak oso sendoa den proiektu kolektibo bat da. Ikusi besterik ez dago zenbat herritarrek parte hartu duten bertan, futbolean jokatzen, jokalariak entrenatzen, zelaiaz arduratzen, boletoak saltzen... Lagun Onakek izen asko utzi ditu. Hor daude, Juan Antonio Larrañaga, Jon Guridi, Mikel Aranburu, Aitor Zulaika nahiz Eguzkiñe Peña, beste askoren artean. Horrek erakusten du nolakoak diren taldeak egindako esfortzua eta dituen balioak". Horren harira, Etxeberriak azpimarratu du "herritarrekin lan sozial handia" egin duen taldea dela Lagun Onak, eta horregatik "harro egoteko moduko proiektu garrantzitsua" dela Azpeitiarentzat. Etxeberriak Udalaren babesa agertu dio futbol taldeari, eta gaineratu du erakundeak klubaren ondoan jarraituko duela aurrerantzean ere. 

Futbol klubeko lehendakari Iñigo Arregik Lagun Onak "historiaz betetako kluba" dela azpimarratu du gaurko agerraldian: "Lagun Onakek bere lekua hartu du Gipuzkoako futbolaren historian. Urtez urte errespetua eta babesa irabazi dituen taldea da, eta hori aldatu ez dadin lanean jarraituko dugu". Klubaren harrobiari eta federatutako taldeei ere egin die aipamena Arregik. Gaur egun, orotara federatutako hamazazpi talde ditu Lagun Onakek, neskenak zein mutilenak. Arregik azaldu duenez, klubak emakumezkoen taldeari "indarra eta egitura propioa" emateko saiakera egin du azken urteetan. Gainera, harrobia indartzen jarraitu nahi dute. "Lehen taldean ahalik eta azpeitiar gehien egotea da gure erronka", adierazi du Lagun Onakeko lehendakariak. 

Denetariko ekintzak, herritarrek parte hartzeko

Iraganari errepasoa eman ostean, 75. urteurrenaren ospakizunaren gaineko xehetasunak azaldu ditu Arregik. Irudi eta lelo berriekin hasi du urtea Lagun Onakek, eta joan den San Sebastian eguneko haurren karrozarekin batera aurkeztu zituzten. Klubaren balioei eta historiari keinu eginda, Futbola bihotzean eta balioak zelaian leloa aukeratu du taldeak 75. urteurrena ospatzeko. Arregik jakinarazi duenez, urteurrenaren ospakizunaren harira, klubaren balioak zabaldu eta herritarren parte hartzea bilatu nahiz bultzatu nahi ditu klubak: "Kirolari hainbat balio eman behar dizkiogu, eta horretarako saiakera egingo dugu datozen hilabeteetan". Horregatik, kirolari lotutako ekintzak ez ezik, beste hainbat arlotara zabalduko diren jarduerak prestatu nahi ditu klubak. Jokalari ohien arteko partidak, hainbat gairen gaineko mahai inguruak, kulturari lotutako ekintzak, argazki erakusketak, haurrentzako eta gaztetxoentzako liburuxkak, Realaren partida eta Lagun Onaken 75 urteko historia jasoko dituen liburua dira, besteak beste, klubak esku artean dituen proiektuak eta ideiak. Hitzorduak antolatu ez ezik, egingo diren beste hainbat ekintzatan parte hartu nahi du Lagun Onakek, eta horren adibide da igandeko Zuhaitz Eguna. Bertan izango dira zuhaitzak landatzen Lagun Onakeko kideak. 

Prestatuko dituzten ekintzen data zehatza jakinarazi ez duten arren, datak gerturatzen joan ahala Lagun Onakek horien berri emango duela esan du Arregik. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide