Euskal Herriko ustelkeria kasuak hizpide izan ditu Igor Meltxorrek Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 31

Hitzaldi jendetsua izan zen Igor Meltxorrek atzo Sanagustinen emandakoa. (Elkar-ekin)

EUStelkeria bere liburua aurkezteko hitzaldia eman zuen atzo Igor Meltxorrek Azpeitian, Korrupzioa Euskal Herrian izenburuarekin. Ikusmina sortu zuen Elkar-ekinek antolatutako hitzorduak, jende ugari elkartu zen Sanagustin kulturgunean eta horietako asko etxeratu ziren Meltxorren azken liburua besapean zutela.

Urralburu kasutik abiatu eta De Miguel aferaren epaiketaraino izandako hainbat gertaera aztertu zituen Meltxorrek, besteak beste, Zubietako erraustegia, Leitzarango autobidea, AHTaren obrak, Bizkaian EAJk kudeatzen dituen hainbat udaletan emandako kasuak, Bidegi auzia eta Guggenheim auzia. "Korrupzioa bezain larria da berau ahalbideratzen duen inpunitatea"; David Fernandez CUPeko kidearen hitz horiek erabili zituen Meltxorrek hitzaldiaren hasieran. Amaieran, berriz, herritarrek hartu zuten hitza eta, besteak beste, gizarteak korrupzio kasuen inguruan duen jarrera izan zen eztabaidagai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide