Erromerien olatutik jaitsita, betirako bukatu du ibilbidea Erokomerik

Maialen Etxaniz 2019ko urtarrilaren 30a

Bost urtez Euskal Herriko dozenaka txokotan erromeriak eskaini ostean, ibilbidea amaitzea erabaki du Azpeitiko taldeak. Bizitako esperientzia "mundiala" izan dela diote.

Martin Altuna, Miren Cuerdo, Asier Aizpuru, Eider Iturralde, Josu Furundarena eta Unai Olaizola. (Erokomeri)

Bere jarduna amaitzea erabaki du Erokomerik, "komeriaz betetako erromeria eroak". Musika taldeko kideek 2018. urtea bukatzearekin batera eman zuten Erokomeriren amaieraren berri.

2014ko abenduan jaio zen Erokomeri musika taldea, unibertsitate giroan. Arrasateko ingeniaritzako ikasleen egunean jotzea helburu hartuta, entseatzeko txoko bila hasi ziren Erokomeri sortu zuten bost lagunak: Maialen Bastida (ahotsa), Asier Aizpuru (bateria) eta Martin Altuna (trikitia) azpeitiarrak eta Josu Furundarena usurbildarra eta Miren Cuerdo lasartearra. Lokalean orduak pasatu ostean, 2015eko maiatzean eskaini zuten lehen kontzertua talde gisa.

Handik aurrera dozenaka kontzertu eta emanaldi eskaini zituen Erokomerik, erromerien olatura igota.

Sormen propiora salto
Hastapenetan bost lagun ziren oholtzaz oholtza ibiltzen zirenak, baina denbora gutxira potoldu zen Erokomeri, Unai Olaizola (gitarra) eta Eider Iturralde (panderoa) batu baitziren taldera. Proiektu berri gosez, disko bat sortzeko ideia bururatu zitzaien. Ausart jokatu, eta grabaketa estudioan sartu ziren. Hilabete batzuen buruan Izan izeneko diskoa kaleratu zuten 2017ko Durangoko Azokarako.

Azpeitiko Udalaren Sorkuntza Bekak lagunduta, Andoaingo Garate estudioan grabatu zuten beren aurreneko lana, hamar abestiz osatutakoa. Horietatik zortzi abestik dituzte hitzak, eta kolaboratzaileek – idazleek, bertsolariek, lagunek…– egindakoak dira: bi kanturen letrak Ane Labaka Lasarteko bertsolariak egindakoak dira, beste bat Jon Gurrutxaga bertsolari azpeitiarrak, Ekhiñe Eizagirre zarauztarraren poema bat da bestea eta Mikel Etxaburu ondarrutarrak idatzitako hitzak ere badaude Izan diskoan. Ahotsaren kasuan ere hainbat lagunek kolaboratu zuten Erokomeriren aurreneko eta azken diskoan, hala nola Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eta Azpeitiko Iraurgi ikastetxeko haurrek.

Aldaketen eragina
Denborak aurrera egin duen heinean, taldeari eskaintzeko denbora gutxiago eta elkartzeko zailtasun gehiago izan dituzte Erokomeriko kideek, eta azaldu dutenez, horrek izan du eraginik taldearen agurrean. Erokomeriko artistak atzera begira jarri dira ibilbidea gogoratzeko: "Unibertsitatean hasi ginen garaian sortu genuen Erokomeri, eta gauzak asko aldatu dira orduz geroztik. Hiru urte inguru ibili ginen erromeriak egiten Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotan; uda sasoian, batez ere. Gure abestiak sortzen hasi ginen pixkanaka-pixkanaka. Orduan erabaki genuen diskoa grabatzea. Behin diskoa eginda eta kaleratuta, gure abestiekin osatutako emanaldia eraiki genuen. Hiru orduko zuzenekoak ematetik kontzertu arruntak eskaintzera pasatu ginen; hau da, ordubete inguruko emanaldiak ematera. Kontzertu eredua aldatzeak eragina izan zuen taldean".

Izan diskoak urtebete inguruko ibilbidea izan du, eta horri esker bizipen berriak ezagutzeko aukera izan dute. Taldekideek azaldu dutenez, taldea «itzaltzen» joan da pixkanaka: "Gure motibazioak itzaltzen joan dira denborarekin, eta hori ikusita ibilbidea amaitzea erabaki dugu. Zazpi lagun gara taldean, eta zaila da guztiok elkartzea. Ikasketak amaituta, lanean hasi ginen asko, eta taldeari eskaintzeko denbora justukoa dugu".

Esperientziak altxor
Bizipenak nostalgiaz nahiz umorez gogoratzen dituzte, eta esperientziaren balorazio "oso positiboa" egiten dute Erokomeriko kideek: "Kontzertu ugari eskaintzeko aukera izan dugu urte hauetan guztietan, eta gaztetxe zein herri asko ezagutu ditugu taldeari esker, baita jende jator ugari ere. Ederra bezain aberasgarria izan da Erokomerik denbora honetan eman diguna".

Agurtzearekin batera eskerrak eman nahi izan dizkiete bidelagun izan dituztenei: "Hau ez litzateke berdina izango lagundu gaituzten pertsonengatik izan ez balitz. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu diskoa grabatzen lagundu zigutenei, bertan parte hartu zutenei eta kontzertuz kontzertu ibili ziren lagun guztiei. Haiek gabe Erokomeriren ibilbidea ez litzateke posible izango".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide