Azpeitiko Gaztetxeak "drogen hedapenaren eta kontsumoaren atzean ezkutatzen diren interes politikoez hausnartzeko" jardunaldiak antolatu ditu. Gaiari eusten hasteko, film emanaldia eta hitzaldia prestatu ditu gazte asanbladak, eta horiek izango dira datozen egunetan Azpeitiko Gaztetxeko hitzorduetako batzuk.
Bihar, osteguna, El pico (Eloy de la Iglesia, 1983) filma izango da ikusgai gaztetxean, 21:00etan hasita. Ikus-entzunezkoak kontatzen duen istorioa 80. hamarkadan kokatzen da, Bilbon. Drama generoko filma da.
Zapatuan, hilak 26, Aitor Aspuru kazetariaren hitzaldia izango da, 11:00etan hasita. Aspuruk Drogak, kapitalismoa eta mugimendu erradikalak izeneko liburua idatzi zuen. Zapatuko solasaldian drogek sistema kapitalistan izan duten bilakaera eta funtzioa izango ditu hizpide. Gaztetxeko kideek azaldu dutenez, "xedea da atzera begira jarri, eta 60. hamarkadatik gaur arte sustantzien bueltan izandako eboluzioa eta interes politikoak aztertzea".
"Drogak inguruan ditugunez, gazteok ere badugu zer esan eta zer pentsatu. Antolatutako jardunaldien helburua ez da drogen kontsumoa epaitzea. Beraz, ez gara kontsumoaren kontra edo alde agertuko", azaldu du asanbladak. Plazaratu nahi dutena da era guztietako drogak "tresna eta arma indartsuak" direla "agintarien eskuetan". "Ezin dugu ahaztu drogak kapitalismoaren zerbitzura daudela beti, eta krisi sistematiko hau elikatzen dutenak gure etsaiak direla. Badago zertaz hitz egin", diote Gaztetxeko kideek.
Otsailean gaiari berriko eustea da Gaztetxearen asmoa. Oraingoz, Narcos, la ruta de la impunidad. Desde el PP a Intxaurrondo'(Kale Gorria, 2001) dokumentalaren proiekzioa prestatu dutela aurreratu du asanbladak, baina egitaraua itxi gabe dagoela esan dute bertako kideek.