Eguraldi txarragatik ez da egin San Sebastian eguneko prozesioa Azpeitian

Nerea Uranga 2019ko urtarrilaren 20a

Azpeitian San Sebastian eguneko goizeko ekitaldiak eguraldiak baldintzatu ditu gaur; tarteka euri zaparrada mardulak egin ditu, eta, ondorioz, ez dute egin proseziorik Alde Zaharreko kaleetan. Ardo Zaleak eta Gure Ametsa elkarteetako danbor taldeak, Izarraitz txistulari taldekoak eta Musika Banda izan dira goiztiarrenak kalea girotzen. Euria ari zuela eta, bi danbor taldeek ohi baino ibilbide motzagoa egin dute gaur. Segidan, Udabaltzako kideekin batera, udaletxetik Sebastian Donearen parrokiarako bidea egin dute. Gaur, ordea, ez dute San Sebastianen irudirik atera parrokiatik, eguraldi txarragatik. Beraz, ez da prozesiorik egin.

Parrokiaren barruan, elizkizunaren hasieran izan da berritasunik. Ardo Zaleak eta Gure Ametsa danbor taldeek eta Musika Bandak San Sebastin martxa jotzen zuten bitartean, Itsasi dantza taldeko bi dantzarik aurreskua dantzatu dute. Ondoren, meza nagusia izan da Julian Barrenetxea abesbatzak abestuta eta Ignacio Arakistain organo jole dela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide