Azpeitiko apustu etxearen aurkako ekimen iraunkorra martxan da. Elkar-ekinek atzo arratsaldean abiatu zuen datozen asteetan luzatu asmo duten egitasmoa. Ostegunero, herritar talde bat elkartuko da Balentina Agirre plazan ireki duten apustu etxearen atarian. "Sei laguneko elkarretaratzea egitea eta esku-orriak banatzea da mobilizazio iraunkor honen oinarria", azaldu Elkar-ekinek. Talde horretako kideak dira lehen kontrentzazioa egin dutenak; datozen asteetan herriko hainbat taldek eta kuadrillak hartuko dute lekukoa.
Esku-orrietan, ludopatiarekin arazoak dituztenen testigantzak jaso dituzte: "Herrian apustu etxe bat ireki behar zutela jakin nuenean, barruak buelta eman zidan", "nire ingurukoei dirua eskatzen nien gezurrak esanez, apustuak egin ahal izateko" eta "denaren gainetik jarri nituen apustuak, eta seme alabak galtzera iritsi nintzen", besteak beste. "Frogatua dago apustuetan dabilena luzera beti aterako dela galtzen, frogatua dago apustu etxeak beti aterako direla irabazten", diote, era berean, mobilizazioetan banatuko dituzten orrietan. "Azpeitiko apustu etxea sozialki baztertzeko deia" luzatuko diete herritarrei, "gutako bakoitzak bertara joateari uko egin ezkero, apustu etxearen ondorio larriekin amaitzen lagunduko dugulako".