Badator San Tomas jaia

Urola Kostako Hitza 2018ko abe. 20a, 11:10

San Toma eguna, iaz. (Ihintza Elustondo) Ate joka dira San Tomas festak, eta beste urte batez euskal tradiziozko jaiekin agurtuko dute herritarrek udazkena. Ohi bezala, amaitzear den urtaroko azoka berezia egingo dute bihar, eta aurten, ohi baino baserritarren postu gehien izango dira Azoka Plazan. Hain zuzen ere, 29 postu jarriko dituzte han, eta garaiko garazkiak, ogia, eztia, gozoak edota ukenduak salduko dituzte ekoizleek. Horrez gain, txori txikiak ere jarriko dituzte jendaurrean. Azoka Plazan ez ezik, herriko zortzi ikastetxek zein elkartek plazan jarriko dituzte postuak, herritarrek jan-edanarekin sabelak bete ditzaten. Dena den, txorizoaz eta taloez gain, izango da beste protagonistarik eguerdi partean, aizkolarien eta harri jasotzaileen jaialdiak ere plaza hartuko baitu. Aizkoran, Mikel Larrañaga eta Iker Vicentek ahalik eta golpe gutxienetan enbor bana ebaki beharko dute, eta ondoren, harri jasotzaileen txanda izango da: Udane eta Joseba Ostolazak eta Aimar Irigoienek eskainiko dute erakustaldia, eta horiek 50 kiloko harri errektangularrarekin, 175 kiloko harri errektangularrarekin eta 175 kiloko zilindroarekin arituko dira, hurrenez hurren. Segidan, aizkolariek beste proba bat egingo dute, eta Larrañaga eta Vicente nor baino nor arituko dira beste enbor bana mozten. Ekitaldia borobiltzeko, berriz, proba mistoak egingo dituzte. Bien bitartean, gainera, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Sebastian Lizaso bertsolariek plaza girotuko dute hango kioskotik. Aurtengoan ere, gainera, Gaztetxeko kideak orgarekin ibiliko dira goizetik kalez kale. 11:30ean abiatuko dira Perez Arregi plazatik, eta kalejirara gerturatzen diren herritarrek sagardoa dastatzeko aukera izango dute.­ Musikaren konpainian Askotariko musika doinuak ere entzungo dira bihar egunean zehar;  Izarraitz txistulari taldearen goizeko dianak iragarriko ditu santomasak, eta ondoren, Udal Musika Banda, Eltziegoko gaiteroak, Itsasiko ttuntturroek eta Juan Antxieta musika eskolako trikitilariek girotuko dituzte txokoak. Bigarren urtez jarraian, gainera, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldea ibiliko da eguerdi partean herriko kaleak alaitzen. Era berean, disko jartzaileek ere saioak eskainiko dituzte plazan eta Sanagustinen. Horrez gain, Antzerki Topaketetako sari banaketa ere egingo dute bihar. Udaletxean izango da ekitaldia, 12:00etan, eta aurten Xake Produkzioak jasoko du ikuslearen saria, Erika Olaizola azpeitiarra protagonistetako bat den Lur antzezlanarengatik. 600 euroko saria jasoko du konpainiak. Bestalde, Patxi Azkargortaren Oroimenezko Pilota Txapelketaren finalak jokatuko dituzte Izarraitz pilotalekuan. Urriaren amaieran hasi zen txapelketa, eta ordutik, egunero aritu dira partidak jokatzen Frontoi Txikian eta Izarraitzen. Ehun haur eta gaztetxo inguru aritu dira lehian txapelketa hasi zirenetik, eta norgehiagoetan aurrera egin dutenek neurtuko dituzte indarrak biharkoan.

Hamasei bikote, Azpeitiko Dantza Suelto Txapelketan

Hemezortzigarren urtez jokatuko dute bihar, San Tomas egunean, Azpeitiko XVIII. Dantza Suelto Txapelketa, eta hamasei bikotek parte hartuko dute lehian. Guztira, 21 bikotek eman zuten txapelketarako izena, baina zozketa bidez aukeratutako hamaseik izango dute han parte hartzeko aukera. 16 urtez azpiko dantzariak izango dira 18:00etatik aurrera Sanagustin kulturguneko agertokian. Horiek fandangoa eta arin-arina dantzatuko dituzte, Azpeitiko Izarraitz txistulari taldeko musikarien eta Juan Azpitarte Imuntzo eta Aintzane Agirrebeña trikitilarien doinuek lagunduta. Ohikoa den moduan, Azpeitiko Dantza Suelto Txapelketak eskualdeko dantzarien parte hartze zabala izango du, eta aurten, han lehiatuko diren 32 dantzarietatik erdiak izango dira Urola Kostakoak. Epaile lanetan, berriz, Arantxa Garin eta Karlos Sarriegi hernaniarrak eta Maialen Aldalur azpeitiarra ariko dira; Esti Iturri errenteriarra izango da idazkaria. Honako hauek dira txapelketan parte hartuko duten dantzariak: Aner Kerejeta eta Nagore Kerejeta (Azpeitia); Eneko Sarasua eta June Elorza (Azkoitia-Azpeitia); Julen Labaka eta Ekiñe Uzkudun (Errezil); Iker Zabala eta Nora Aizpuru (Azpeitia); Eki Aizpuru eta Jone Arriaran (Azpeitia); Enaitz Segurola eta Malen Arrizabalaga (Azpeitia); Aner Elorza eta Alaitz Elorza (Azpeitia); Iker Urrestilla eta Leire Urrestilla (Lasao); Irati Lopez eta Gorka Granado (Sopela); Aratz Asteasu eta Laia Barrena (Gasteiz); Aizea Telleria eta Intza Agirre (Ibarra); Aratz Eskisabel eta Garazi Muñoa (Bidania); Anaitz Lizartza eta Itziar Bastida (Azpeitia); Endika Osa eta Danele Atxukarro (Lezo-Ondarroa); Mikel Esnaola eta Ane Anuariz (Lezo); eta Andoni Zumeta eta Miren Zumeta (Larraul). Ikusi San Tomas eguneko egitaraua:
BIHAR, OSTIRALA: Goizean. Udazkeneko azoka berezia Azoka Plazan. 10:00. Izarraitz txistulari taldearen diana. 10:00. Patxi Azkargortaren oroimenezko pilota txapelketako finalak, Izarraitz pilotalekuan. 11:00. Musika Bandaren kalejira. 11:30. Gaztetxekoen kalejira, trikitilariek lagunduta, Perez Arregi plazatik. Ondoren. Eltziegoko gaiteroen kalejira. 12:00. XXXVI. Antzerki Topaketetako Ikusleen Sariaren banaketa ekitaldia udaletxeko aretoan. 12:00. Herri kirol erakustaldia, plazan. Aizkoran Mikel Larrañaga eta Iker Vicente ariko dira. Harrijasotzen, berriz, Udane Ostolaza, Aimar Irigoien eta Joseba Ostolaza. 12:00. Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Sebastian Lizaso bertsolarien saioa, plazako kioskoan. 12:00. Itsasiko ttuntturroen eta Juan Antxieta musika eskolako trikitilarien kalejira. 13:00-16:00. Bentazaharreko Mutiko Alaien emanaldia kalez kale. 13:00. Erraldoien, buruhandien eta Eltziegoko gaiteroen kalejira. 13:00-15:00. Sareren photocal gunea Plaza Txikian. Arratsaldea. DJ Referee ariko da plaza musikaz alaitzen. 18:00. Gazteen XVIII. Dantza Sueltoko Azpeitiko Txapelketa, Sanagustin kulturgunea. 19:00. Jainekin txaranga kalez kale. 23:30. DJ Kanpax ariko da Sanagustin kulturgunea girotzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide