Datorren abenduaren 19an 35 urte beteko dira GALek Ramon Oñederra
Kattu errefuxiatu azkoitiarra hil zuela, eta hura gogoan izan dute gaur dozenaka lagunek bere sorterrian. 13:00etan hasita egin dute Katturen eta joan zen urriaren 11n hil zen Joxe Aranburu
Txataren –Gotzon Aranburu preso azpeitiarraren aita– oroimenezko ekitaldia.
Trikitilariak
Elgeta abestia joz iritsi dira plazara, eta ordurako Kontzejupean dozenaka lagun ziren ekitaldia hasteko zain. Asier Altuna Sortuko kide azkoitiarrak egin du aurkezpena, eta haren atzetik igo da agertokira Iheslarien Kolektiboko Jon Irazola. Katturen izana ekarri du hark gogora: "Pertsona alaia eta zintzoa zen, lagunen laguna, eta dena emateko prest zegoen. Gogoratzekoa da haren aurpegia eta beti izaten zuen irrifarrea, eta zuen konpromisoaz gain, hori ere gorde behar dugu oroimenean. Bere memoria gordetzen dugu, berak hartu zuen bide hura gogoratzeko".
Ondoren Sortuko Kontseilu Nazionaleko kide Haimar Altunak hartu du hitza, eta Kattu zenaren gurasoei besarkada bat bidaliz hasi du hitzartzea. Altunak nabarmendu du 35 urte pasatu izanagatik, Katturen hilketak argitu gabe jarraitzen duela. "Gobernuan dagoen PSOEk eragindako minaren ardura ez du oraindik bere gain hartu. Eskatzen diogu egin duen min guztia onar dezala". Altunaren hitzetan, ezker abertzaleak egin zuen urrats hori. "Ez dugu mendeku goserik eta errebantxarako gogorik, baina egia eta justizia izan behar ditugu. Katturen gurasoek semearen hilketa nork agindu zuen jakin beharra dute, erreparazioa jasotzeko". Altunaren aburuz, ardurak izan zituztenek urratsak eman behar dituzte elkarbizitzarako: "Estatu Espainiarra dago haren hilketaren atzean, demokratikotik ezer ez duen estatu faxista". Sortuko kideak azaldu duenez, ez diote inori onartuko "garaile eta garaituen" edo "zintzo eta gaiztoen" kontakizunik; izan ere, hark adierazi du indarkeria bakarra ETArena izan dela "sinetsarazi" nahi dietela.
Ekitaldia bukatzeko, bi dantzarik aurreskua egin diete Katturen eta Txataren familietako kideei, eta horiek lore sorta bana ere jaso dute. Gainera, Txataren biloba Suharri Aranburuk abesti bat kantatu du ekitaldiaren amaieran.
Katturen senideek eta hainbat herritarrek zuhaitz bat landatu dute Madariagan, azkoitiarraren oroimenez.
Ekitaldiaren aurretik, hainbat lagunek –tartean Katturen senideek– Madariagara mendi irteera egin dute. Zuhaitz bat landatu dute GALek hil zuen azkoitiarraren oroimenez bertan, eta hamaiketakoa ere egin ahal izan dute.
Datozen egunetan ere izango dira Katturen oroimenezko ekitaldiak. Honako hauek dira prestatu dituzten egitasmoak:
- Abenduak 18, asteartea:
- 18:30ean, hitzaldia Elkargunean: Iheslari politikoen ibilbidea eta gaur egungo egoera.
- Abenduak 19, asteazkena:
- 19:00etan, omenaldi ekitaldia, Baionan.
- Abenduak 23, igandea:
- Goizean zehar, XXXIV. Kattu xake memoriala.
Hona hemen, oroimen ekitaldiko irudiak: