Josu Labaka Udaleko Kultura batzordeburua eta Jose Luis Otamendi Kulturaz kooperatibako kidea.
Azpeitiko Kulturaz kooperatibak "kulturarekin hazi, hezi eta goza ahal izatea bultzatzeko" asmoz, Kultur Bonoa atera du zazpigarren urtez jarraian. Dagoeneko eskuragarri dago Sanagustin kulturgunean. Helduek 65 euro ordaindu beharko dute Kultur Bonoa. Langabetuek, jubilatuek nahiz Gazte Txartela dutenek, berriz, 33 eurotan erosi ahal izango dute. Salgai jarritako txartelen kopurua mugatua izango da. Txartela transferigarria da, eta beharrezkoa izango da ekitaldietara eramatea. Kultur Bonoak Kulturaz kooperatibak antolatutako ekitaldietarako balio du, eta honako abantaila hauek eskaintzen ditu:
- Sanagustin kulturgunean, zortzi kontzertu doan.
- Soreasu antzokian, musikari eta arte eszenikoari lotutako emanaldiak, %50ean.
- Umeentzako ekitaldietan, Sanagustinen nahiz Soreasun, ume baten eta heldu baten sarrera doan.
Kulturazek azaldu duenez, Kultur Bonoa dutenentzako sarrerak erreserbatu egingo dira zutikako ekitaldietan. Horrela, emanaldiaren egunean sarreran Kultur Bonoa erakutsita jasoko dute sarrera. Eserita ikusteko ekitaldietan, aldiz, ez da erreserbarik egingo lehendik, eta emanaldietarako sarrerak aurrez eskuratu beharko dira Sanagustin kulturgunean. Orduan egingo zaie dagokien deskontua Kultur Bonoaren erosleei.
Kultur Bonoa erosi aurretik programatutako ekitaldiren baten sarreraren bat erosten dutenei, ekitaldiaren egunean bertan itzuliko zaie dagokien dirua. Esaterako, Benito Lertxundik eskainiko duen kontzerturako sarrerak erosi dituzten eta 2019ko Kultur Bonoa eskuratzen duten herritarrei Lertxundiren kontzerturako sarreragatik ordaindutako diru kopuruaren %50a itzuliko zaie zuzenekoaren egunean bertan.
Bonoa duten lagunek www.kulturaz.eus webgunean sartuta txartelaren erabileraren berri jakin ahalko dute. Izan ere, Kulturazen webguneko Agenda atalean zehaztuko da zein ekitalditan erabili ahal izango den bonoa.
Kultur Bonoa Azpeitiko Kultur Mahaiaren kooperatibaren ekimena da, Azpeitiko Udalaren laguntza duena. Azpeitiko Udalak, Kultur Mahaiaren Kulturaz kooperatibak ekimen honekin egiten duen "esfortzua” eskertu du, baita kultur ekimenak “herritarren eskura” jartzearen garrantzia azpimarratu ere. 2018an honako hitzordu hauetan erabili ahal izan da Kultur Bonoa: hogeitabi kontzertutan, arte eszenikoetako hamabi ikuskizunetan, Euskal Antzerki Topaketetako emanaldi guztietan eta umeentzako sei ekitalditan.