Hausnarketa prozesua iragartzeko egin duten kartela. (Marea Arroxa)
Marea Arroxa jai herrikoien aldeko Azpeitiko batzordeak hausnarketa prozesu irekia jarriko du martxan, "batzordearen izaeraren eta jai herrikoien inguruan hausnartzeko". Festa eredu horren alde dauden herritarren ekarpenak jasotzea da Marea Arroxak nahi duena, eta horretan hasteko batzarra egingo du ostiralean, hilak 14, 19:30ean hasita, Sindikatu Zaharrean.
Batzordeak azaldu duenez, festa herrikoien aldarriak "urte askoko ibilbidea" du Azpeitian, eta jai ereduaren inguruko hausnarketa prozesua "etengabekoa" izan dela azpimarratu du Azpeitiko jai batzordeak. Aurten, gainera, kideen artean zalantza ugari sortu direla esan du: "Marea Arroxa jaio zenetik, asko izan dira batzordeak sustatu behar dituen balioen inguruan egindako gogoetak, baita Marea Arroxaren antolakuntza markoaren gainean egindako hausnarketak ere. Aurten, 2018. urtean, asko izan dira Marea Arroxak bere buruari egindako galderak". Erantzunak zehazteko garaian "zailtasunak" egon direla ikusita, batzordeak erabaki du orain dela urtebete inguru hasi zuen hausnarketa herritarrei irekitzea.
"Urteak badoaz eta erronka berriak datoz. Horiei aurre egiteko, ordea, ezinbestekoa da oinarria tinko egotea; urratsak zein norabidetan eman behar diren elkarrekin adostea. Festa herrikoiak nola ulertzen ditugun zehaztea gauza konplexua da", adierazi du Marea Arroxak. Eta gogoeta horrek "bere denbora" eskatzen duela iritzita hasiko du hausnarketa proze parte-hartzailea. Horrenbestez, Marea Arroxako kideek ostiralean egingo duten bilerara joateko deia egin dute: "Festa herrikoien inguruan hitz egin, iritzia eman eta ekarpenak egin nahi dituen herritar oro dago gonbidatuta prozesuan parte hartzera. Aurreneko hitzordua ostiral honetan izango da, baina ez da azkena izango. Pixkanaka joango gara prozesua diseinatzen, beharrei erantzunez zein arazoei aurre eginez".