Nekane Azpiazuk egingo du aurten ere Azpeitiko haurren danborradako karroza

Urola Kostako Hitza 2018ko abenduaren 10a

Epaimahaiak Azpiazuren proiektua aukeratu du, gaia "modu egokian, profesionalean eta eguneratuan" landu duelako. 'Lagun Onak Futbol Taldea 75 urte. 1944-2019' da San Sansebastian eguneko umeen danborradan aterako den karrozaren gaia. 1.500 euroko saria eskuratu du azpeitiarrak.

Aurtengo San Sebastian eguneko karroza, hori ere Azpiazuk egina. (Mailo Oiarzabal) Azpeitiko Udaleko Festa Batzordeak hala erabakita, hurrengo urteko San Sebastian eguneko umeen danborradako karroza ere Nekane Azpiazu azpeitiarrak egingo du. Udalak jakinarazi duenez, aurten bi proiektu aurkeztu dira lehiaketara, eta epaimahaiak Azpiazurena aukeratu du, proposatutako gaia "modu egokian, profesionalean eta eguneratuan" aurkeztu duelako. Horrenbestez, 1.500 euroko saria eskuratu du azpeitiarrak. Lagun Onak Futbol Taldea 75 urte. 1944-2019 izango da sansebastianetan herriko kaleak girotuko dituen karrozaren gaia. Izan ere, datorren urtean 75 urte beteko dira futbol taldea sortu zela. Bigarren urtez jarraian irabazi du Azpiazuk San Sebastian eguneko karroza lehiaketa. Izan ere, epamahaiak hark aurkeztutako lana aukeratu zuen iaz ere. Aurten Azpeitiko sokamuturrak 500 urte bete dituela eta, urteurren hori gaitzat hartutako karroza diseinatu zuen orduan Azpiazuk. Horrez gain, Udalak eskerrak eman dizkie proiektuak aurkeztu dituzten guztiei, "egindako ahaleginagatik eta lehiaketan parte hartzeagatik".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide