Urtebeteko etenaren ostean, txakurkrosa jokatu dute gaur, igandean, Azpeitian.
Azpeitiko Txakurkrosa izen berrituarekin jokatu dute proba Loiolatik abiatuta, eta guztira, 100 lagunek eta beste horrenbeste txakurrek parte hartu dute lasterketan. Horien artean, Mikel Etxeberria zumaiarra (00:29:13) eta Aida Males (00:38:01) nagusitu dira,
Ray eta
Tula zakurrak lagun zituztela. Gizonezkoetan, Iñigo Zarate eta
Isker txakurra (00:30:38) eta Marco Salazar eta
Tito (00:30:45) geratu dira bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren. Emakumezkoetan, berriz, Malesekin batera Bakarne Almazanek (00:39:02) eta Nagore Gallastegik (00:39:08) osatu dute podiuma,
Adam eta
Kini txakurrekin.
10:30ak jo dituenean hasi da lasterketa Loiolako basilikaren aurretik, eta korrikalariak txandaka atera dira irteeratik. Aurten, izena ez ezik, ibilbidea ere berria izan du lasterketak, eta parte hartzaileek, besteak beste, Txalintxo eta Munoaundi zeharkatu dituzte. Orotara, 7,5 kilometro izan ditu probak. Gainera, Euskadiko Txakurkros Ligaren hirugarren proba izan da gaur Azpeitian jokatu dutena.
Ikusmin handia sortu du Azpeitiko Txakurkrosak, eta behin lasterketa nagusia amaitu denean, umeek ere izan dute txakurrekin korrika egiteko aukera. Izan ere, laskerketa laburrak egin dituzte Loiolako zelaietan, eta goiza borobiltzeko txakurren erakustaldia egin dute Amarokeko kideek.
Ikusi goizeko argazkiak, hemen: