Euskal Herriko Trikitilari Gazteen Txapelketaren finalean izango dira Enaitz Alberdi eta Araitz Etxaniz

Urola Kostako Hitza 2018ko azaroaren 28a

Enaitz Alberdi azpeitiarrak eta Araitz Etxaniz azkoitiarrak igandean jokatuko dute trikitilari gazteen finala, Zaldibarren. Orotara, sei bikote arituko dira Euskal Herriko txapelaren bila.

Enaitz Alberdi pandero jotzaile azpeitiarra eta Araitz Etxaniz soinu jotzaile azkoitiarra, artxiboko irudi batean. Igandean, abenduaren 2an, hitzordu garrantzitsua dute Enaitz Alberdi pandero jotzaile azpeitiarrak eta Araitz Etxaniz soinu jotzaile azkoitiarrak. Izan ere, egun horretan Euskal Herriko XXVII. Trikitilari Gazteen Txapelketaren finala jokatuko dute bi trikitilariek.  Zaldibarko (Bizkaia) Olazar frontoiak hartuko du sariketaren finala, 17:30ean hasita, eta bertan izango dira Azpeitiko eta Azkoitiko neska-mutilak. Aurten, eskualdetik Etxaniz eta Alberdi bakarrik iritsi dira trikitilari gazteen finalera. Orotara, sei bikotek parte hartuko dute bertan, eta Azpeitiko eta Azkoitiko gazteen gain, Legazpiko, Hernaniko, Astigarragako eta Villabonako pandero-jotzaile eta soinu-jotzaileak arituko dira, nor baino nor, Euskal Herriko txapelaren bila.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide