Txakur Gorria: "Inguruko sortzaileen egoera prekarioa ezagutzea aski da kulturgintzan arazo handi bat dagoela ikusteko"

Urola Kostako Hitza 2018ko aza. 21a, 17:42

"Autosorkuntzarako, autoediziorako eta autoekoizpenerako" sortu zuten Txakur Gorria kolektiboa Nerea Ibarzabalek (Markiña-Xemein, 1994), Malen Amenabarrek (Larrabetzu, 1994) eta Mariñe Arbeok (Urretxu-Zumarraga, 1992) duela bi urte inguru. Ez zuten "zain" egon nahi, eta sortzea zuten xede. Denbora gutxira batu zen taldera Ane Labaka (Lasarte-Oria, 1992). Orduz geroztik denetariko sormen lanak egin dituzte kolektiboan. Atzo aurkeztu zuten Azpeitiko Sorkuntza Bekarekin ondurako lana: 'Lauhazka. Kaiera bat jarraitzeko' liburuxka. Proiektu horretaz eta sorkuntzaz solasean aritu da Txakur Gorria Uztarriarekin.

Ane Labaka, Mariñe Arbeo, Malen Amenabar eta Nerea Ibarzabal. (Maialen Etxaniz) Nola izan zenuten Azpeitiko Sorkuntza Bekaren berri? Duela urte pare bat beka hau jaso zuen Erraiak proiektuan parte hartu genuen ilustrazioak egiten, eta orduan jakin genuen sorkuntzarako diru-laguntzak bideratzen zituztela Azpeitian. Orain, gainera,  taldekide bat Azpeitian bizi denez, beno, oro har, bakoitza leku batekoa denez, errazago iristen zaizkigu horrelako albisteak. Zenbat denbora eman duzue Lauhazka. Kaiera bat jarraitzeko gorpuzten?  Beka eman zigutenetik hasi ginen buruari bueltak ematen, liburuaren formatuari, luzeerari, edukiari dagokionez. Uda bukaera eta udazkena hartu ditugu lanerako, eta kaiera “eskuz esku” pasatu diogu elkarri, guztira lau aldiz. Gerora etorri dira maketazio lanak eta inprentakoak. Ze motatako irudi eta testuak aurkituko ditu irakurleak zuen Kaieran? Anitzak, agian bakoitzaren izaera gehien islatzen den liburua izango da. Ez genuen gai nagusirik adostu, eta hortaz, gorputzaldiek, momentuko pentsamenduek eman digutena ageri da paperean, baina koherentzia bat hartu du elkarri jarraika eginda dagoelako. Iritzi-testu itxura duten testuak daude, baita elkarrizketa eran osatutakoak edo poetikoagoak ere. Irudietan ere berdin, bi ilustratzaileren estilo ezberdinak antzeman daitezke. Atalak sinatu gabe doaz, beraz, irakurleak intuitu beharko du bakoitzarena zein den. Zerk bereizten du proiektu hau orain arte egindakoetatik? Orain arte autoekoitzitako liburu ia guztietan gure inguruko sortzaileei eman diegu idazteko espazioa, eta egia da testuek pisu gehixeago zutela ilustrazioek baino, oro har. Oraingoan geure buruari aukera hau oparitu nahi genion, gugandik ateratzen zenari leku egin, eta, testuak ilustrazioa baldintzatu beharrik gabe, bi norabidetan sortu: testutik ilustraziora eta ilustraziotik testura. Zergatik egin zenuten autoediziorako hautua? Gutxitan aurkezten zaigulako aukera bezala. Badirudi norbaitek okay-a eman ezean, ezer ez dela argitaragarria, eta azkenean horrek aniztasuna kamusten du, bai diseinu, bai testu aldetik. Gustuz hasi ginen gu, lehenengo liburuxka inprimatu genuenean sentitu genuen pozetik abiatuta. Salmentetan lortutako dirua hurrengo inprimaketak ordaintzeko erabiltzen genuen, eta gure hobby berezia bihurtu zen. Orain sormenari gure bizitzetan zentraltasuna ematea erabaki dugunez, beste batzuen eskaerei ere erantzuten diegu, baina urtero saiatuko gara zerbait geurea ekoizten. Sormena modan dagoela esaten den honetan, zein da zuen iritzia?  Ez dakigu ea modan ote dagoen benetan, gure ustez oraindik oso bigarren planoan dagoen zerbait da gehiengoaren bizitzetan, eta horrek sormenari, kulturari, balioa ematea zailtzen du. Askok sormena ez dute bizibide bezala ulertzen, ez dute ordain bat merezi duenik pentsatzen. Gure inguruko sortzaileen egoera prekarioa ezagutzea aski da kulturgintzan arazo handi bat dagoela ikusteko. Kolektiboan egiten duzue lan. Zein dira horrek dituen zailtasunak eta zeintzuk abantailak?  Kolektibotasunak indartsu egiten zaitu, baina amore eman beharra ere suposatzen du batzuetan. Adostasunak ez dira beti errazak, baina kolektibotasuna ikasketa prozesu konstante bat da, batzuetan umiltzen eta besteetan ahalduntzen laguntzen diguna. Zergatik lagundu behar dira diruz sortzaile gazteak?  Derrigorra behar luke gazteei bidea egiten laguntzeak, batez ere lehen aipatutako egoera prekarioa aldatzen hasteko. Kulturak bizi duen krisiari aurre egiten hasteko modu bat izan daiteke gazteak kulturzaletzea eta kulturgiletzea. Zein da Txakur Gorriaren hurrengo proiektua? Oraindik ez dugu pentsatu, baina izango duzue gure berri datorren urtean!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide