Isabel Otxoa (Hitza)
Zer berezitasun du emakume pentsiodunen egoerak pentsio duinen aldeko borroka orokorraren barruan?
Normalean, pentsio baxuagoak izaten dira emakumeenak, eta asko eta asko dira soilik alarguntasun pentsioa kobratzen dutenak; eta alarguntasun pentsio asko oso baxuak izaten dira. Horiek lirateke berezitasunak ikuspegi orokorraren barruan. Baina nik azaldu nahi dudana da, pentsioekin bakarrik ez ditugula emakumeok zahartzaroan ditugun arazoak konpontzen.
Zer arazo dira horiek?
Feminismotik esan izan dugun bezala, ez dugu soldatatik bakarrik jaten. Soldatapeko lanez gain egiten ditugu emakumeok etxeko lanak, zaintza lanak... Zabaldu nahiko nukeen ideia da emakumeoi pentsioekin bakarrik ez zaizkigula asetzen ditugun betebeharrak. Soldata duin bat jaso dezakezu egiten duzun ordainpeko lanarengatik, baina ordaindu gabeko beste hainbat lan ere egiten dituzu. Zahartzaroan, lan horiek egiteko ahalmena gutxituz joaten da. Orduan, zerbitzurik ez badaukagu, inoiz ez dugu nahikoa izango pentsio batekin, nahiz eta pentsioa altua izan. Pentsiodun askok kontratatzen dituzte etxeko langileak, baina ez luxu kontuagatik, beraiek dagoeneko egin ezin ditzaketen etxeko lanak egiteko behar dituztelako baizik. Emakumeon ikuspuntutik, buelta bat eman behar zaio pentsioen kontuari. Ez dut esaten ez dugula pentsioen alde borrokatu behar, jakina borrokatu behar dugula, baina beste guzti hori gehitu behar diogu borrokari. Bestela, alferrik ari gara.
Behar horietaz jabetuta al dago gizartea?
Ezetz uste dut. Borroka horretan ere, oraindik, diruaz hitz egiten dugu orokorrean; eta oso inportantea da, baina pentsioen igoera ez da dena. Guk, pentsioak aldarrikatzen ditugunean, aldarrikatzen ari gara ongizatea zahartzaroan, eta ongizate horrek eduki gehiago dauzka.
Nola txertatu beharko lirateke emakumeei lotutako eskaerak pentsiodunen borroketan?
Borroka osatuagoa izateko, emakumeen ikuspuntutik pentsioak benetan baliogarriak izateko, zerbitzuen aldeko borroka gehitu behar diogu eskaera orokorrari. Bestela, emakume askok bizi dituzten erdizkako mendekotasun egoera horiek jaten jarraituko dute edozein pentsioren balizko igoera. Horri aurre egin behar zaio.
Neurri zehatzik proposatzen al duzu?
Etxez etxeko zerbitzuak, adibidez, ugaritu beharko lirateke. Etxebizitza politikak nolakoa izan behar duen aztertu beharko litzateke, jendeak bere inguruko jendearen laguntza jaso ahal izateko. Eguneko zentroen zerbitzua ere oso ona da eta gehiago bultzatu beharko genuke; baina garestia da administrazioarentzat, eta horregatik ez dute bultzatu behar bezala orain artekoan. Zatikako irtenbideak eskaini dira, baina ikuspegi orokorra falta da. Gizarteak bizkarra eman izan dio arazo honi. Baina etorkizunean areagotuz joango diren beharrak dira eta erantzuna eman beharko zaie.