Elka-ekineko kideak, atzo, apustu etxearen aurrean. (Elkar-ekin)
Elkar-ekineko kideak apustu etxera bertaratu ziren atzo, osteguna, negozio horren aurka urrian zehar jaso dituzten 1.936 sinadurak lokalean bertan aurkezteko.
Bertako langileekin "luze eta zabal" hitz egiteko parada izan zuten Elkar-ekineko kideek. Modu horretan, apustu etxeak herritar askoren artean sortu duen kezka eta haserrea helarazi zizkieten hango langileei. Elkar-ekinek bildutako sinadurak apustu etxearen arduradunei emateko "konpromisoa" hartu zuten bertako langileek, taldeak jakinarazi duenez.
Era berean, Elkar-ekineko kideek Balentina Agirre plazako lokala barrutik ikusteko aukera izan zuten atzokoan. Apustu etxera bertaratu ziren kideen esanetan, "ikaraturik" geratu ziren han dauden dozenaka makina ikustean.
Apustu etxearen aurkako borrokarekin aurrera doazela adierazi dute Elkar-ekineko kideek. Horren harira, Elkar-ekinek aurreratu du luze baino lehen beste ekimen baten berri emango duela.