Azpeitiko Fundibide enpresak 30. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin du gaur, Hernaniko (Gipuzkoa) Orona Fundazioan. Egoitza Urrestillan du enpresak, eta uraren zirkuitu integralaz arduratzen dira bertako langileak. Festa giroa izan da nagusi Hernanin.
Fundibideko lantaldearentzat "egun berezia" izan da gaurkoa. Balbula, lamina, arketa, tapa, rejilla, faktura eta abar Azpeitiko pabiloian utzi, eta urteurreneko ospakizunean murgildu dira enpresako 25 langileak. Han izan dira hainbat bezero, hornitzaile eta erakundeetako ordezkari ere. Guztira, ia 200 lagun elkartu dira.
Kukai dantza taldeak eman dio hasiera ekitaldiari, eta ondoren, Fundibideren 30 urteotako mugarri nagusien errepasoa egin dute, baita etorkizuneko erronken berri eman ere. Iosu Badiola zuzendariak adierazi duenez, "egonkortze" fasean dago egun enpresa. Etorkizunari begira ere jarri da Badiola, eta "bide berriak jorratzeko gogoz eta ilusioz" daudela jakinarazi du. Taldeko enpresak sendotzeari ekingo diotela ere aurreratu du zuzendariak.
Fundibide Sariak
Fundibide Sarien banaketa ere egin dute gaurko ekitaldian. Enpresaren 30. urteurrenean, hiru pertsonaren ibilbidea nabarmendu nahi izan dute: Juan Mari Badiolarena, enpresako lau sortzaileetako bat da bera; Joaquin Egigurenena, enpresak izan zuen lehenengo langilea da; eta Mari Begoña Garciarena, enpresan urte gehien daramatzan langilea da.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide