Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunako zuzendaritzak elkarteko bazkideei eta ibilaldietan parte hartu ohi duten lagunei laguntza eskatu die, 2019. urtean gauzatu nahi duen egitasmo nagusirako.
Azken bi urteetan Azpeitia-Hazparne eta Azpeitia-Bilbo egitasmoak osatu ondoren, datorren urtean Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea egin nahi dute azpeitiarrek, GR-38 a. Rufino Arroiaberen ibilbidea izenarekin ere ezagutzen da Bermeo (Bizkaia) eta Oion (Araba) lotzen dituen bidea. "Mendeetan zehar merkataritzarako erabiltzen zen ibilbide hori zortzi etapatan egingo dugu, oinez. Urtarrilean Bermeon hasi eta urrian Oionen bukatuz, Arabar Errioxako mahastien usain gozoa, Arabako lautadaren edertasuna, Urkiolako arroken sendotasuna eta kostaldeko kresala sentituko ditugu, besteak beste", azaldu dute Lagun Onakekoek. Zorzti etapatan osatu nahi dute aipatutako ibilbidea, urtarriletik urrira bitartean
"Azken bi urteetan era honetako bi ibilbide osatuta, hirugarren bat egitea da helburu. Egitasmo hauek antolatzea zenbat kostatzen den ikasia dugu, eta hirugarrena ere ahalik eta ondoen antolatzeko laguntza behar dugu". Horregatik deitu dute bilera datorren astelehenerako, hilaren 19rako. 19:30ean hasiko da bilera, mendizaleen elkartearen egoitzan, eta 2019ko egitasmoa antolatzen hasiko dira bertan; GR-38aren aurkezpena, ibilaldien egunak eta etapen ikuskaketak izango dituzte hizpide, besteak beste.