Lorea Etxeberria. (Maialen Etxaniz)
Nondik jaio zen Lore Kolore pailazoa?
Ipuin kontalari hasi nintzen Azpeitiko liburutegian, eta horren harira, hainbat emanaldi eman nituen herrian zein herritik kanpo. Baina Lore Kolore ez zen jaio Zumaiako San Telmo jaiak iritsi ziren arte. Festa herrikoien batzordeko lagun batek txosnagunean haurrentzat zerbait egitera animatzen al nintzen galdetu zidan. Ezetz esaten ez dakidanez, animatu egin nintzen. Banekien festetako txosnagune batean ez zuela ipuin kontaketaren formatuak funtzionatuko. Horregatik, beste emanaldi mota bat prestatzen hasi nintzen, ez baitzat irudimenik falta. Argi nekien haurrak protagonistak izatea nahi nuela, eta ez aspertzeko haiek ikuskizunean parte hartu behar zutela. Ideia horretatik sortu zen Lore Kolore.
Nola eman zenion forma pertsonaiari? Nor da Lore Kolore?
Emanaldiak lotuta nituela aprobetxatuta eta haurrekin egoteko aukera nuela jakitun, zenbait balio sartu nahi nituen ikuskizunetan; ez nuen nahi tuntunarena egitera mugatzerik. Lore Kolore izenarekin jolastuz, kolore bakoitzarekin balio bat lantzea interesgarria izan zitekeela pentsatu nuen. Ikuskizunetan azaltzen nuen Lore Kolore Milakolore izeneko planeta batetik datorrela, eta han denek dutela koloretako bihotza. Milakolore planetan sei lurralde daudela kontatzen nuen: Gorriki, Horiki... Han jendea koloretan janzten dela esaten nuen, eta bertan bizi diren pertsonak denetarikoak direla: altuak, txikiak, potoloak... Baina denek koloretako bihotza dutela kontatzen nien haurrei, eta horregatik oso zoriontsuak direla eta besarkadak ematea atsegin dutela.
Pailazoa izanagatik, ez duzu umorea soilik jorratzen. Denetariko gaiak landu izan dituzu emanaldietan...
Beti saiatu izan naiz lekuan lekura egokitzen, eta antolatzaileei galdetu izan diet zerbait zehatza egiterik nahi zuten. Izan ere, ez dut arazorik egoeretara eta gaietara egokitzeko. Urrestillako San Joan festetan, esaterako, emanaldi berezia eskaini nuen. Ni urrestildarra izanik, mimoz prestatu nuen emanaldi hura. Euskal mitologiari egin nion keinu, eta urrezko tila batetik hainbat gauza ateratzen joan nintzen. Horrez gain, sorginen istorioak kontatu nizkien haurrei, eta haiek pozoia egin zuten. Motxiladun haurren gaia ere jorratu dut, nahiz eta gai delikatua den lantzeko. Nik ez dut dispertsioa lehen pertsonan pairatu, baina baditut hori zer den dakiten lagunak. Ikuskizuna prestatzeko motxiladun haur baten amarekin gelditu nintzen, eta hark lagundu zidan saioa prestatzen.
Nola lantzen dituzu haurrekin konplexuak diren gaiak?
Beti nahi izan dut jorratzen ditudan gaiei zentzu positiboa eman, eta horretarako beti erabili izan dut antzeko dinamika. Motxiladun haurren kasuan, koloreak erabili beharrean, hitzekin jolastu nuen. Kolorez kolore ibili beharrean, Lore Kolore herriz herri ibili zen ikuskizunean zehar, eta leku bakoitzean motxiladun haur batekin egiten zuen topo. Haietako bakoitzak hitz bat oparitzen zion Lore Koloreri: indarra, elkartasuna... Haurrekin lan egitean ikusi dut gai batzuen inguruan hutsune handiak daudela gaztetxoen artean. Ez dira ohikoak feminismoa edo heriotza bezalako gaiak, eta oraindik orain, haurren ahotik entzuten diren zenbait gauzak min ematen dute. Uste dut Lore Koloreren dinamikek eta antzerakoek asko lagundu dezaketela haurrak hezteko garaian, eta zenbait gurasok horrela dela esan izan didate.
Sortzailea zara, emanaldi guztiak zuk prestatu baitituzu. Zer ezkutatzen da ikuskizunen atzean?
Ordu askoko lana dago emanaldi bakoitzaren atzean: istorioari forma eman, gidoia prestatu, ideiak bildu... Nire lagunek ondo ikusi dute hori, eta beraiei esker lortu dut lortutakoa. Izan ere, ez dut nirekin lanean aritzen den inor ondoan: hau da, ez dut ikuskizunetako musika kontrolatuko duen soinu teknikaririk edo agertokia prestatzen lagunduko didanik. Beraz, kuadrillakoek asko lagundu didate horrelako lanetan. Lore Kolorerekin ikasi dut konpromisoa zer den. Horregatik, asko izorratzen zidan jendeak zoratuta nagoela esateak. Ez naiz damutzen zoratuta egoteaz. Izan ere, pertsonei irribarre eginaraztea zoramena da niretzat.
Ez da ohikoa emakumeak pailazoen azalean ikustea. Ba al da emakumezko pailazorik inguruotan?
Gutxi. Gehienak ipuin kontalari moduan aritzen dira. Jendeak esan izan dit Lore Koloreren profileko artistak falta direla. Izan ere, ipuin kontalari dezente daude, baina pailazoak ez horrenbeste. Emakumezkoa eta pailazoa naiz, baina ez naiz inoiz gaizki sentitu rol horretan. Noiz edo noiz haurren bati entzun izan diot hitz zatarren bat edo beste, baina argi esaten diet nik ez ditudala hitz zatarrak onartzen. Halaber, beti saiatzen naiz emakumeen papera goraipatzen nire ikuskizunetan, esaterako, kolore moreaz hitz egitean. Emanaldian kontatzen dut ezagutzen dudala emakume magiko bat, eta ez dela magikoa magia egiten duelako, pertsona ona delako baizik.
Norbera triste badago, nola alaitu ingurukoak?
Oso zaila izaten da. Izan ere, denok ditugu egun ilunak. Triste zaudenean mundua koloretakoa dela esatea kostatu egiten da, eta une horietan jendeari barre eginaraztea zaila da. Dena den, lortzen da. Gertatu izan zait emanaldia bukatu eta sentipen nahasiak izatea barnean, eta ez da batere atsegina. Hala ere, ikuskizunek badute terapiatik, haurrek asko ematen baitidate saio bakoitzean. Ez nuke Lore Kolore izaten jarraituko jasotako babesagatik ez balitz.
Azpeitian bada sortzaile berriak elkartzen dituen zirku bat...
Bai, ederra, gainera! Aurten jaso dut aurrenekoz Hoi denk zirkue! ikuskizunean parte hartzeko gonbidapena. Pozez hartu nuen deia, baina egun gutxi barru kanpora noa, eta ez naiz herrian egongo. Dena den, ziur nago ederra izango dela. Horrelako plazak eta emanaldiak beharrezkoak dira, horietan sortzen den magia mundiala delako. Lore Kolorerekin zer gertatuko den ezin jakin, baina pailazoen munduan jarraitzeko grinik ez zait falta.