Udal hauteskundeetako alkategaia aurkeztuko du bihar Azpeitiko EH Bilduk, herritarren babesarekin

Urola Kostako Hitza 2018ko urriaren 29a

"Egun seinalatua" da biharkoa Azpeitiko EH Bildurentzat, eta oinarriei dei egiten die parte hartzera koalizioak 19:00etan Baigeran egingo duen batzar irekian eta 20:00etan azoka plazan izango den aurkezpen ekitaldian. Atzo itxi zen alkatetzarako proposamenak egiteko epea.

Azpeitiko EH Bilduren lantaldea. (EH Bildu) 2019ko udal hauteskundeetako zerrendaburua aukeratuko du Azpeitiko EH Bilduk bihar, asteartea, 19:00etatik 20:00etara Baigeran egingo den batzar irekian. Ondoren, haren aurkezpen ekitaldia eta luntxa izango dira azoka plazan, 20:00etan hasita. Azpeitiko EH Bildurentzat "egun garrantzitsua" da biharkoa, horregatik, bere oinarriei eta azpeitiarrei dei egiten die batzarrean zein aurkezpen ekitaldian parte hartzeko. Koalizioak aurreratu duenez, ekitaldian EH Bilduko kideek argazki bat aterako dute alkatetzarako hautagaiarekin. Abiapuntu "indartsua" eman nahi diote maiatza bitartean egiteko duten bideari. Prozesu parte-hartzaile baten bidez aukeratuko da EH Bilduren Azpeitiko hautagaia. Atzo, igandea, bukatu zen alkatetzarako proposamenak egiteko epea, eta biharko batzarrean aukeratu edo onetsiko dute EH Bilduko oinarriek datozen hauteskundeetako zerrendaburua. Koalizioak esan duenez, "prozesua hasi besterik ez da egin", eta alkategaia izendatuta, gainontzeko kideen zerrenda egiteko prozedura bera jarraituko du Azpeitiko EH Bilduk. Hori dela-eta, koalizioak oinarriei eskatu nahi die," orain artean bezala", prozesuan bidelagun izaten jarraitzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide