Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euria eta hotza eginagatik, herritarrak ez dira kikildu Azkoitian Beningo umeen alde egin duten elkartasun ekimenean parte hartzera. Beste urte batez, Azkoitiko Floreaga Ikastetxeak, Gazteak eta Garapena fundazioak eta Alai Batza taldeak pintxo solidarioak, bigarren eskuko denda eta jolasak antolatu dituzte herriko plazan, eta eguerdi partean jende ugari bildu da han.
Lortutako dirua dirua Gazteak eta Garapena fundazioak Beningo Porto Novo eta Cotonou hirietan duen proiektura bideratuko dute antolatzaileek. Familiekin harremana moztu duten eta kalean bizi diren umeei laguntzen die fundazioak herrialde horretan, eta harrera etxeetara eramaten dituzte, han oinarrizko beharrak ase ditzaten eta “leku seguruan” lo egin dezaten.
1985ean, Espainiako salestar ikastetxeetako ikasle ohiek sortu zuten Gazteak eta Garapena Gobernuz Kanpoko Erakundea, baina azken urteetan fundazio moduan lan egiten du Afrikako eta Hegoamerikako hainbat herrialdetan. Azkoitian, hogei lagun inguru aritzen dira fundazio horretan, eta Floreagako Solidaritate Taldearekin batera antolatzen dituzte urtean zehar ekintzak, hala nola Gabonetako janari bilketa, Santa Ageda eguneko kopla kantaldia, erakusketak eta zozketa.
Ikusi argazkiak, hemen: