Itziar Oiarzabal: "Dagoen lekuan dagoela, gure artean izango da bihar Imanol"

Urola Kostako Hitza 2018ko urriaren 26a

Imanol Elias zenak idatzitako ‘Matxinada’ obraren estreinaldiarekin hasiko dira Euskal Antzerki Topaketak, bihar. Haren emazteak parte hartuko du obran, eta "ilusioz" dago.

Ez da oroitzen zenbat urte dagoen oholtzarik zapaldu gabe Itziar Oiarzabal (Azpeitia, 1939), baina "mordoa" izango direla dio. Sasoi batean, Imanol Elias zenaren hainbat antzezlanetan parte hartu zuen, eta urteak mundu horretatik aparte eman ostean, aktore lanetara itzuliko da bihar berriro. Eliasek idatzitako Matxinada obra lehen aldiz taularatuko dute Euskal Antzerki Topaketetan, eta bertan parte hartuko du Oiarzabalek, beste hainbat herritarrekin batera. "Imanolengatik egiten dut", dio hunkituta. Bihar estreinatuko da Matxinada. Ilusio berezia egiten al dizu? Bai, handia. Egun handia izango da biharkoa. Imanolek, dagoen lekuan dagoela, disfrutatu egingo duela pentsatzen dut. Baina nahigabetsua ere bada [hunkituta]. Hainbeste urtetan hain zoriontsu izan ginen... 1766ko matxinadan oinarritutako obra da. Hori da. Urte hartan, gariaren eta artoaren prezioak etengabe igotzen hasi ziren jauntxoak, eta ondorioz, bizi ezina jarri zitzaien langileei. Horren aurrean, altxamendu bat izan zen. Jauntxoek ikusi zuten herria altxatzera zioala, eta beldurtuta, tropak ekarri zituzten Donostiatik. Atxilotu asko izan ziren. Hori Azkoitia eta Azpeitia artean gertatu zen, eta horretan oinarritutako antzezlana da. Zergatik erabaki zuen Eliasek gertakari horiek antzezlan bilakatzea? Ez naiz gogoratzen zer esan zidan antzezlana idatzi zuenean, baina nik uste dut, historialaria izanda, herriari erakutsi nahiko ziola zer gertatu zen orduan. Batzuek jakingo dute, baina beste askok ez. Aspaldi idatzitako obra den arren, inoiz ez dute taularatu orain arte. Zergatik orain? Antzezlana opera txiki bat da, eta Imanolek modu profesionalean taularatzea nahi zuen. Baina diru asko behar zen horretarako, eta bertan behera gelditu zen. Geroztik, neuk ere banuen zomorro bat barruan. Duela bi urte matxinadaren 250. urteurrena izan zen, eta orduan hasi ziren berriro kontu honekin. Kultur Mahaikoei esker izan da guztia posible; bestela ez zen inoiz egingo obra hau, lan handia baitauka. Antzerki musikala da Matxinada. Zer nolako ezaugarriak ditu? Elkarrizketak nagusi diren atal bat du, baina gainontzeko dena abestiek osatzen dute. Kantuen hitzak Imanolek berak egin zituen, eta Unai Frantzesenak pixka bat moldatu ditu eta musika jarri die. Oso musika goxoa dauka, herrikoia eta erraz sartzen dena. Gidoia, berriz, Alaitz Olaizolak egokitu du. Guztira, ehun lagun inguru igoko gara oholtzara. Besteak beste, Azketa ahots taldeak, Julian Barrenetxea abesbatzak, Udal Musika Bandak, Izarraitz txistulari taldeak, Itsasi dantza taldeak eta Erniarraitz bertsozale elkarteak parte hartuko dute emanaldian, eta beste hainbat herritarrek ere bai. Alaitz Olaizolak eta Xabier Gantzarainek lan handia egin dute, ez baita erraza izan jende hori guztia zuzentzea. Denek musu truk egin dute lan. Hainbeste herritarren artean Eliasen obra bat taularatzea... Berarentzako omenaldia dela iruditzen zait. Oso polita geldituko dela uste dut. Zeuk ere parte hartuko duzu obran. Bai, nik Bizentaren rola antzeztuko dut. Obra originalean ez zegoen paper txiki hori; hori Alaitzek gehitu du, baina kontakizunaren hariarekin bat egiten du. Maitemindutako bikote bat da obrako protagonista. Olatz Pratek egiten du neskarena; ahots polita dauka, goxoa. Mutilarena, berriz, Felipe Murillok egiten du; ahots tenor sakona dauka hark, mundiala. Olatzen izeba naiz ni kontakizunean. Asko inplikatu zara prestaketetan; besteak beste, arropak inguratzen aritu zara. Bai, inplikatu naiz, obra hau ia neurea bezala dela iruditzen zait. Garai hartako arropak lortu nahi izanez gero, jostun bat behar genuen, eta ez zegoen hori egiterik. Beraz, arropak inguratzen aritu gara gutako batzuk. Nirekin batera Olatz Prat eta beste hainbat lagun aritu dira horretan. Asko kostatu al zaizu antzeztera animatzea? Ez. Nik antzerkian gustura parte hartzen dut, eta kasu honetan, Imanolen omenez egingo dut. Nik parte hartzen baldin badut, berarengatik da, berari eskaintzen diot obra. Sekulako ilusioa egiten dit. Ez nuen pentsatzen antzezlana egingo zenik, eta orain taularatzea sekulakoa da. Eguna iritsi arte ez dut sinetsiko egingo denik. Eskerrak eman behar dizkiet Kultur Mahaikoei egin duten lanagatik, beti zorretan geldituko naiz beraiekin. Elias obra hori taularatu ez izanaren penarekin gelditu omen zen. Bai. Berarekin eraman zuen arantza, eta bihar kenduko diogu. Dagoen lekuan dagoela, gure artean izango da bihar Imanol. Laguntzen ari zait. Duela gutxi esan nion bere argazkiari: "Joe Imanol, hau da lana ipini didazuna!". Gaur ere hemen daukat bere argazki txiki bat. Egunero ez dut eramaten gainean, baina egun hauetan bai, eta gaur ere hartu egin dut. Atzeko poltsikoan daukat. Nolako eguna izango dela iruditzen zaizu biharkoa? Mundiala. Ezin dut deskribatu hitz batean sentitzen dudana. Egun handia izango da Imanolentzat, eta niretzat ere bai. Hainbeste urtean hain maitatuta bizi izan ginen... Badakit nik maite nuena baino gehiago maite ninduela berak; hori esateko lotsarik ez daukat. Harentzat zen Ixiar... Ia 60 urtez egon ginen elkarrekin. Imanol jostorratza baino zuzenagoa zen, eta ni s hizkia bezalakoa naiz; uste dut horregatik moldatzen ginela hain ondo. Imanol beti bere gelan egoten zen, bere lanak egiten, eta hil zenean, hara sartzea oso gogorra egin zitzaidan. Leihotik behera botako nituzkeen han zeuden paper denak. "Zertarako hainbeste lan?", pentsatzen nuen. Orduan, argitasun bat bidali zidan, zera adieraziz: "Ez dira alferrik, hor geldituko dira paper horiek, eta noizbait norbaitek aurkituko ditu eta esango du: ‘Hau zein zen?’". Guri gauza bera gertatzen zaigu beste norbaiten liburua hartzen dugunean. Argitasun horrek horixe esan nahi zuen: Imanolek beti izango duela lekutxoren bat apalatxoren baten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide