Euskal Herrian jazotako azken erailketa matxista gaitzetsi dute gaur dozenaka lagunek gaur, hilak 25, Azkoitiko zein Azpeitiko plazetan, Sostenipe eta Basanderiek asanblada feministek deitutako elkarretaratzeetan.
Nafarroako Gobernuak astearte arratsaldean jakinarazi zuen hil egin zela aurreko astean Iruñean bikotekideak etxeari su emanda zauritu zen 50 urteko emakumea. Poliziak herenegun atxilotu zuen gizona, eta epaileak espetxeratu egin du. Gertaera horiek salatu ez ezik, emakumeenganako indarkeriarekin amaitzeko eskatu dute bi herrietako asanbladek. Bai Sostenipek eta baita Basanderiekek uste dute "mugarik ez" duela emakumeenganako indarkeriak: "Bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna da, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak betikotzeko tresna, hain zuzen. Garrantzitsua da ulertzea indarkeria matxista, bestelako biolentzia ardatz batzuekin elkarlotzen dela, arrazismoa edo klasea, kasu".
Basanderiekek, bere aldetik, azpimarratu du "sistema heteropatriarkala eraisteko eta gizarte aske bat osatzeko" antolatzea "ezinbestekoa" dela: "Bizitzak jokoan ditugu". Horren aurrean, aldaketak "txikitik" hasten direla esan dute asanblada feministako kideek: "Aldaketa hau, ordea, txikitik hasten da, eta beharrezkoa da indarkeriarekin amaitzeko gure egunerokoari so egitea eta jarrera matxistak albo batera uzten joatea".
Eraildako emakume iruindarraren gizonak genero indarkeriaren aurrekariak dituela gogoratu dute bi asanblada feministek, baita ekainera arte emakumearekiko urruntze-agindu bat izan zuela ere. Horrek sistema judizialaren "hutsuneak" azaleratzen dituela uste dute Sostenipek eta Basanderiekek: "Sistema judizialak erroko aldaketak behar ditu patriarkatuaren birprodukzioko instituzio den heinean, babesgabe uzten gaituztelako indarkeria salatzea erabakitzen dugun emakumeak".
Azpeitiko zein Azkoitiko asanblada feministen hitzetan, azken erailketa ez da "modu isolatuan" eta bakartuan ematen diren erasoak; gure sistemaren muinean erreproduzitzen den indarkeria da: kultura aparatuan, komunikabideetan, estatuan, lan merkatuan, familian edota hezkuntza sisteman. Honen aurrean, agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa ezinbestekoa da. Apustu ausartak eta neurri sakonak beharrezkoak dira. Garaia da hitzetatik praktikara pasatzeko.