Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkoitiko, Azpeitiko eta Zumaiako talde feministek azken hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratzeak deitu ditu biharko, osteguna. Herritarrak 19:00etan elkartuko dira plazan Azkoitin eta Azpeitin, eta 19:30ean Zumaian Saregileen plazan. "Emakumeak aske eta bizirik" nahi dituztela aldarrikatuko dute beste behin. Zarautzen, Sare Feministak deialdia egin du ostiralean, urriaren 26an, Lege Zaharren Enparantzan 19:00etan egingo den elkarretaratzera bertaratzeko.
Nafarroako Gobernuak atzo arratsaldean jakinarazi zuen hil egin zela aurreko astean Iruñean bikotekideak etxeari su emanda zauritu zen Yolanda Jaen 50 urteko emakumea. Poliziak herenegun atxilotu zuen gizona, eta epaileak espetxeratu egin du.
Azpeitiko Udalak "gogor" gaitzetsi du azken hilketa matxista, eta adierazi du Euskal Herrian dagoeneko zortzi emakume hil dituztela aurten. Hildakoaren senideei eta gertukoei elkartasuna adierazi die udalak, eta herritar guztiei dei egin die eraso matxistak salatzeko antolatu diren ekimenekin bat egin dezaten.
Erakundeak gogoratu du indarkeria matxista "gizon eta emakumeen berdintasun ezetik sortutako arazo benetan larria" dela gizartean. Berretsi du ez duela giza eskubideen urraketarik onartzen, eta halako kasuen aurrean "modu aktiboan" jokatzera deitu dituzte herritarrak.
Erasoren bat gertatuko balitz, berriz, herritarrek Azpeitiko Udaltzaingora (943-15 13 13), Ertzaintzara (943-08 37 80) edota Larrialdi Zerbitzuetara (112) deitzeko "ezinbesteko betebeharra" dutela azpimarratu dute. "Denon ardura eta betebeharra da indarkeriari aurre egitea".
Udalak berretsi du egunerokoan ikastetxeetan bultzatzen ari diren hezkidetza programen bidez, pertsonen arteko berdintasuna landuz indarkeriaren kontra lanean jarraituko duela.