Igor Meltxor.
Kazetari Kanaia proiektuaren zuzendaria da Igor Meltxor (Ortuella, Bizkaia, 1978) kazetari, ikertzaile eta analista politikoa. Ikerketa kazetaritzari lotutako askotariko lanak egin ditu, eta ahoan hilerik gabe hitz egin du apustu etxeen aferaz eta horiek sortu duten alarma egoeraz.
Hitzaldiaren izenburuari erreparatuta, zer dago apustu etxeen atzean?
Batez ere, gutxi batzuen eskuetan gelditzen den diru pila bat dago horien atzean. Euskal Herriko apustu etxeen atzean esku pilotarekin lotura duten izen asko daude, sukaldari ospetsu bat ere bai, baita EAEn agintean dagoen alderdiarekin lotura duten enpresari batzuk ere. Gaur egun, gainera, apustu etxe handiak futboleko eta saskibaloiko euskal talde nagusien babesleak dira. Normaltasuna transmititzen saiatzen ari dira apustu etxeen babesletzari dagokionez, baina ez dira eredu ona. Gainera, klub horiek aho handiarekin esaten dute gaztetxoei balore egokiak transmititzen dizkietela.
Apustu etxeen gaia pil-pilean dago. Zergatik orain?
Gero eta lokal gehiago zabaltzen ari direlako. Azpeitia da horren erakusleetako bat, eta miresgarria iruditzen zait herritarrak egiten ari diren kontzientziazio lana; hori da bidea. Herritarrak ari dira arazoaz jabetzen, eta jokoa gazteen eta ez hain gazteen artean sortzen ari den arazoaren jakitun dira. Apustuen kontua normalizatzen saiatzen ari dira, publizitate sistematikoaren bidez eta kirol munduan sartuta, baina oso arazo serioa da ludopatia.
Krisi garaian eman da apustu etxeen loraldia. Zer dela eta?
Jokoaren hariak mugitzen dituztenek ondo dakite krisi garaian zahurgarritasun egoeran bizi den eta diru erraza irabazteko prestutasuna duen pertsonen kopurua handia izaten dela. Krisi sasoietan handia izaten da gazte langabeen kopurua, eta halako uneetan, gazte horien arreta bereganatzen saiatzen dira kapitalismo basatiena sustatzen duten enpresariak. Gogoratzen 80ko hamarkadarekin eta drogekin? Oso gogorra dirudi konparaketak, baina zoritxarrez, ez dago hain urrun alderaketa.
Euskal Herrian apusturako joera handia izan da, batez ere, kirolari lotuta. Zertan aldatu da joera hori?
Euskal Herria apustuei oso lotuta egon da beti, baina aurrez aurreko apustuak ziren horiek, eta pilota partidetan edo herri kirol probetan egiten ziren nagusiki. Hori guztia aldatu egin da; orain, edozein kiroli lotutako edozein apustu egin dezake edonork, tartean gazte askok, mugikorraren bidez, klik bat eginda. Horrelakoak, normalean, bakarrik daudenean egiten dituzte, beren buruak engainatuta. "Gaur galdu egin dut, baina lehengoan irabazi egin nuen" edo "hurrengoan irabaziko dut", esaten diote beren buruari. Makinak baino azkarragoa direla uste dute, baina ez dira ohartzen makinek sekula ez dutela galtzen. Batzuek horretaz jabetzen direnerako arazo sakon batean murgilduta izaten dira, izugarrizko zorrarekin. Gazteen artean ikaragarrizko arazoa dago ludopatiarekin. Horiek, normalean, ezkutuan eta bakardadean eramaten dute prozesua, baina izugarrizko eragina du familia eremuan.
Apustu etxeak legezkoak dira, baina badute lege hutsunerik.
Izugarrizko lege hutsunea dute publizitateari dagokionez; izan ere, 2011n onartutako Jokoaren Legea garatzeko araudirik ez da onartu. Apustu etxeen atzean dauden enpresek Jokoaren Zuzendaritza Orokorraren jokabide kodea jarraitzen dute, eta kode horrek hainbat mezu zabaltzea debekatzen du. Ezin dute iradoki jokoak abilezia pertsonalak edota gizarte errekonozimendua hobetu ditzakeenik, ezta jokoa arazo finantzieroak konpontzeko irtenbidea denik ere. Horrez gain, ezin dute jokalariaren abileziak edota esperientziak, zoriaren gainetik, irabazietan eragin zuzena duela dioen mezurik eman. Gertatzen dena da errege dekretu horrek interesen gatazka argi bat dakarrela berarekin; izan ere, estatuak joko pribatuaren publizitatea mugatu nahi du, baina, bestalde, ez ditu muga berak ezarri nahi Loterias y Apuestas del Estado enpresan. Estatuaren enpresa hori da errentagarriena.
Menpekotasun arriskuz beteta bizi gara. Zergatik da jokoa bereziki arriskutsua? Zergatik sortzen dute kezka apustu etxeek eta ez alkohola saltzen duten guneek?
Pertsonalki, uste dut bi eremuak direla oso kaltegarriak, eta onartzen dut analisian kontraesanak egon daitezkeela. Apustu lokalak berritasun arriskutsu gisa ikusten ditugu, jendeak dirua erraz irabazteko modutzat dituelako, baina pertsona horiek ez dira jabetzen diru arazo larriek zer ondorio pertsonal eta familiar sor ditzaketen. Gazteena da sektorerik ahulena, eta pixkanaka alarma sortzen ari da.
Zenbat hazi da apustu etxeen kopurua Euskal Herrian?
EAEko biztanleek 340 milioi euro gastatu zituzten apustuetan 2017an –2016an baino %10,5 gehiago eta 2012an baino %113 gehiago–, eta apustu etxeek 46 milioi euro irabazi zituzten. Gastatutako diru kopuru horren arabera, 18 urtez gorako EAEko biztanle bakoitzak 194 euro gastatu zituen. Nafarroako herritarrek, berriz, 216,48 milioi euro gastatu zituzten apustuetan, bingoetan eta makinetan 2017an. Eta apustuen zenbatekoa 74 milioi eurokoa izan zen; adin nagusiko biztanleko 141 euro. Jokoaren industria ikaragarri hazi da: Nafarroan 2012an 11 apustu lokal zeuden, eta orain 39 daude; EAEn, 2017an, sei apustu lokal zabaldu zituzten –34 daude egun–, eta 28 joko areto daude.
Auzo baztertuetan edo langile auzoetan ari dira ugaritzen halako establezimenduak. Zergatik?
Putreek haratustela usaintzen dute, ezta? Ba horrelakoak dira apustu etxeen atzean dauden enpresariak. Pertsonen zahurgarritasuna eta gizarteko sektore jakin batzuen prekarietatea aprobetxatzen dute dirua irabazteko.
Norentzat da jokoa errenta?
Bankuak irabazten du beti. Honako hau da gakoa: zergatik katigatzen gara galduko dugula dakigun joko batera? Jendea mendeko egoera arriskutsu horretara bultzatzea ahalbidetzen duen mekanismo psikologikoa azaltzen ere saiatuko naiz gaurko hitzaldian.