Errazkinen eta Intxaurrandietaren aldeko ebazpena eman du Espainiako Kontu Auzitegiak

Urola Kostako Hitza 2018ko urriaren 10a

Apirilaren 12an epaitu zituzten Madrilen, Espainiako Kontu Auzitegian. 46 milioi euro arteko zigorra eskatzen zuen akusazioak bi auzipetuentzat.

Iñaki Errazkin, Ingurumen diputatu ohia. (Maialen Etxaniz) Berria.eus-ek jakinarazi duenez, Espainiako Kontu Auzitegiak Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohiaren eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidente ohiaren aldeko ebazpena eman du, Zubietako errauste plantaren kontratuaren aferan. Apirilaren 12an epaitu zituzten bi lagunak Madrilen, Espainiako Kontu Auzitegian, eta gaur jakinarazi du Berria.eus-ek bi auzipetuei arrazoi eman diela epaitegiak. Auzitegiak ontzat eman ditu EH Bilduko agintari ohien argudioak, eta errugabetu egin ditu erraustegi plantaren proiektua bertan behera uzteagatik leporatzen zitzaizkien kontabilitate erantzukizunetatik. EH Bildu koalizioa Gipuzkoako Foru Aldundiko agintean zela, GHK-k bertan behera utzi zuen Zubietan errauste planta eraikitzeko aurreko legealditik martxan zen kontratua; EH Bilduk jakinarazi zuen kalte-ordainak itundu zituela enpresa eraikitzaileekin —8,2 milioi ordaindu zizkion kontsortzioak adjudikazioa zuen enpresa taldeari—. 2013an Zubietako erraustegiaren lanak gelditzeak "eragindako kalte ekonomikoa" beren gain har zezaten nahi zuten GHKren gaur egungo buruek. Auzitegiaren arabera, baina, kontratua ez eteteak are galera handiagoak eragingo lituzke. Halaber, magistratuak ez du beharrezkotzat jo aztertzea kontratua etetea legez kontrako erabakia izan zen ala ez. Erabaki horren zilegitasuna argitzea Espainiako Auzitegi Gorenari dagokio. GHK-k helegitea aurkezteko asmoa agertu du. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) 2017ko urrian erabaki zuen Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohi azpeitiarra eta Ainhoa Intxaurrandieta kontsortzioko aurreko lehendakaria auzitara eramatea. Kontratua eteteak sortutako "kalte ekonomikoak" ordainarazi nahi izan zizkiek GHK-k bi arduradun ohiei. EAJk eta PSE-EEk auzitara eramatearen aldeko boza eman zuten; EH Bilduk, aurkakoa. Erreakzioak berehalakoak izan ziren. 2011-2015eko Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Kontseiluak babesa agertu zien Errazkini eta Intxaurrandietari, eta "mendeku bila" aritzea leporatu zien EAJri eta PSE-EEri. Azpeitiko EH Bilduk ere GHK-ren erabakia salatu zuen. Koalizioko kideek azaldu zuten Errazkinek eta Intxaurrandietak "gipuzkoarren gehiengoak" bozkatutako proiektua gauzatzeko erabakiak hartu eta horiek aurrera eramateko konpromisoa hartu zutela. Azpeitiko Udalak ere babesa agertu zion Errazkini 2017ko abenduko ohiko udalbatzan, EH Bilduren aldeko botoekin. Udal gobernuak proposatutako adierazpenaren aurka agertu zen Azpeitiko EAJ. 2017ko apirilaren 7an, epaiketaren atarian, ehunka lagun elkartu zen Azpeitian bi auzipetuei babesa eta elkartasuna agertzeko deitutako manifestazioan. Mobilizazio horren bueltan, Azpeitiko hainbat eragileren eta norbanakoren "babes zabala" jaso zuten Errazkinek eta Intxaurrandietak. Hain zuzen, herriko hemezortzi taldek babestu zuten apirilaren 7ko manifestazioa, baita dozenaka norbanakok ere. Horiez gain, Azpeitiko EH Bilduk deituta, azken 35 urteetako agintaldietan ardura instituzional eta politikoa izan duten Azpeitiko zenbait herritarrek agerraldia egin zuten bi auzipetuei babesa agertzeko. Apirilaren 12an deklaratu zuten Errazkinek eta Intxaurrandietak Espainiako Kontu Auzitegian. Epaiketaren lehen saioa amaitzean, Errazkinek azaldu zuen "nahikoa sentipen onarekin" gelditu zirela bi auziperatuak. Orduz geroztik, Espainiako Kontu Auzitegiaren epaiaren zain izan dira Errazkin eta Intxaurrandieta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide