Imanol Ituiño: "Ikusleek magoek baino gehiago sakralizatzen dute sekretua"

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2018ko urr. 5a, 10:28

Magiak hartuko du bihar Azpeitia, Txisteratik eguna izango baita herrian. Askotariko magia emanaldiak izango dira egun osoan zehar. Imanol Ituiñok ere parte hartuko du.

[caption id="attachment_347558" align="aligncenter" width="300"]Imanol Ituiño (Egoitz Lopategi)[/caption] Bilbotarra izatez, etxekotzat dute Imanol Ituiño (1989) Txisteratik Egun Magikoaren antolatzaileeek. Hiru urteotan antolakuntza lantaldean parte hartu du; baita Gala Nagusian ere. Magoak uste du magia zaletasuna indartzen ari dela Azpeitian. Txisteratiken antolaketa lantaldeko kidea zara. Nolatan batu zinen taldera? Lehen urtean, kontaktuekin eta magoekin laguntzeko eskatu zidaten. Magook denok ezagutzen dugu elkar, eta halakoak egitea gustatzen zaidanez, animatu egin nintzen. Laguntzeko prest nago, pozik aritzen naiz. Magia egun asko ez dira antolatzen Euskal Herrian, ezta? Garai batean, Tolosan egiten zen Azpeitikoaren antzeko egitasmo bat. Gasteizen ere egiten da nazioarteko magia topaketa bat, baina ez dira asko gaur egun. Gala Nagusia aurkeztuko duzu aurten ere. Nolakoa izango da? Aurrekontuak ez zuen beste mago bat kontratatzeko aukerarik ematen, eta... [barrez]. Magia galetako aurkezlearen lana da magoak aurkeztea, eta tarte horietan jokoak egitea. Ni horretan ariko naiz. Asko gustatzen zaizkit ikuskizun horiek, estilo askotako magoak ikusteko aukera izaten delako. Zer ikusi ahal izango da? Ikusle guztiak mago bihurtzen saiatuko naiz ni dagozkidan tarteetan. Horrez gain, Lautaro magoa izango da agertokian, usoak desagerrarazten; Asier Kidam mago dotorea ere izango da emanaldian; Gonzalo Albiñana ere joango da itzalen saioa eskaintzera; eta Los Taps bikoteak ilusio handiak egingo ditu. Zuk gertuko magia egiten duzu. Zer da hori? Denetarik egiten dut, baina gertuko magia asko gustatzen zait. Izan ere, gertu ikusten dugun magia horrek harritzen gaitu gehien. Mago jaio egiten al da? Ez da dohain berezirik behar mago izateko. Badirudi magoak esku handiak eta oso abilak izan behar dituela, baina ez da horrela. Gauza guztien moduan, magia egiten ere ikasi egiten da. Abilezia eta esku handiak izanez gero, errazagoa da trebatzea, baina ez dira beharrezkoak. Garrantzitsuena da gustatzea eta ikasteko gogoa izatea. Noiz hasi zinen magiaren munduan murgiltzen? Betidanik gustatu izan zait magia, txikitatik dut zaletasuna. Magia Borras kaxa bat banuen etxean, eta Txan magoa ikusten nuen telebistan, baina hasi-hasi, ez dakit magia egiten noiz hasi nintzen. Hori bai, gogoratzen naiz 10 bat urterako kartekin trikimailuak egiten aritzen nintzela familiako bazkarietan eta urtebetetze festetan. Nola trebatu zara magia jolasetan? Magoek idazten dituzte metodoak azaltzeko liburuak, baina liburu horiek ezin dira eskuratu edozein  dendatan. Magoen arteko merkatu bat dago, jardunaldiak izaten dira, magia dendak ere badira, eta gure artean elkarbanatzen ditugu trikimailuak eta sekretuak. Beraz, gauza berriak ikastea ez da zaila magiaren munduaren barruan bazaude. Teknologia berrien eta irudien gizarte honetan, errazagoa al da informazioa eskuratzea? Hala da, inoiz baino eskurago dugu informazioa. Magoen elkarteko kideak elkartzen garenean, nagusienek esaten dute liburu bakar bat irakurtzen zutela behin eta berriz. Gainera, material gehiena frantsesez eta ingelesez eskura zitekeen sasoi hartan; oso gutxi gaztelaniaz, eta euskarazkorik batere ez. Gauzak asko aldatu dira, gaur egun oso erraza da informazioa bilatzea eta aurkitzea. Eta horrek alde onak eta txarrak ditu: sekretua agerian dago magiaren kalterako, eta mago izan nahi duen edonork askoz ere errazago du arakatzen hasteko. Gogoan al duzu eskaini zenuen lehen emanaldia? Ez dakit aurrenak izan ziren, baina bi ditut gogoan. Bata Bilbon izan zen, eta Gernikan bestea. Gustatuko litzaidake saio haietan zer egin nuen ikustea. Trikimailuren bat gaizki ateraz gero, zer? Irribarre egin eta ikusleei barre eginarazi. Bada magian erabiltzen den esaldi bat, zeinak zera dioen: «Publikoak barka dezake magoak huts egitea, ez duena barkatzen da ez dibertiaraztea, astuna izatea». Zerbait txarto ateratzen bada, konpon daiteke inprobisazioarekin, eta halakoetan baliteke ikuslea ez ohartzea akatsarekin. Beste batzuetan akatsa hain handia denez, ezin izaten da inolaz ere disimulatu. Halakoetan, zer? Ba barkamena eskatu, eta beste jolas bat egin! Umorea eta hitz jarioa ere beharko dira mago izateko. Bai, noski. Jendea ez aspertzea da gakoa. Izugarrizko magia jolasak eginagatik, ez baduzu ondo komunikatzen... Halakoetan bi minutu aguanta ditzake ikusleak, baina ordubete ez. Inoiz gelditu al zara disimulatu ezinik trikimailua gaizki atera zaizulako? Gaizki atera zaizkit, bai, batzuetan ez dira-eta gauzak behar bezala irteten. Beti izan behar da b plana, eta inprobisazioa lagun aterako zara estutasunetik. Une oro berritzea eskatzen al du magiak? Bai, magooi askotan esaten zaigu beti gauza berberak egiten ditugula. Duela 200 urte asmatutako trikimailuak egiten segitzen dugu, baina gaur egun ikusten ditugu duela 50 urte egindako pelikulak edo entzuten dugu ez dakit noizko abesti bat. Nire ondorengoek aro txinatarraren jokoa ikustea nahiko nuke; izan ere, jolas hori berria izan daiteke ume batentzat. Beraz, aurrera egin behar dugu eta gauza berriak asmatu behar ditugu, baina klasikoak ahaztu gabe. Trikimailuen sekretutasunak bermatu al du magiaren biziraupena? Ikusleek magoek baino gehiago sakralizatzen dute sekretua. Magook trikimailuak elkarbanatzen ditugu. Uste dut sekretua jakinda ere existitzen dela magia: ikuskizunetara joaten naizenean jakiten dut magoak nola egiten dituen egiten dituenak, baina hala eta guztiz, gozatu egiten dut. Sekretua gordetzea ondo dago, baina ezin dugu horrekin erotu, magia ez baita sekretua soilik. Zergatik hartzen da magia umeen kontua bailitzan? Gustatuko litzaidake erantzuna jakitea. Magia ez da bereziki umeentzat pentsatutako zerbait. Izan ere, irudimen ikaragarria dute haurrek, eta errealitatearen malgutasun handi hori duen umeari magia egitea baino errazagoa da ingeniari bati karta bat asmatzea. Logika handia eta buruan dena ordenatuta duen ingeniari, abokatu edo irakasle bati ulertzen ez duen zerbait egiten diozunean, asko harritzen da. Umeak pentsatuko du: "Magia egin dit, magoa da eta". Txisteratik eguneko protagonista ia denak gizonak dira. Magia munduaren isla al da hori? Hiru urteotan kontuan izan dugun gaia da, hori izan da gure borroka handiena. Oso emakume gutxi aritzen dira magia egiten; Euskal Herrian, behinik behin, ez dut ezagutzen modu profesionalean magia egiten duen emakumerik, eta Espainian ere ez dira asko. Zergatia ez dakit; izan ere, historian izan dira magia egiten aritu diren emakumeak. Baliteke erreferente faltak eragitea hori, hau da, neskatoek magoak ikusita pentsa dezakete magia gizonen gauza dela. Ez dut uste magiaren munduan sartzen ez zaienik uzten emakumeei, are gehiago, saiatzen gara emakumeak aurkitzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide