Otaegi aizkolariak apustua hitzartzeko zita jarri du Mendizabal erretegian

Urola Kostako Hitza 2018ko urriaren 4a

Zalduari bota dio erronka: pentatloiko lanak buruz buru egitea. Bihar, ostirala, 19:00etan Mendizabal erretegian izango da Otaegi, eta ikusi egin behar Zaldua bertaratuko den edo ez. Izan ere, hark ez dela agertuko jakinarazi du 'Berria'-k egindako elkarrizketan.

Apustu baten negoziaziorako beste hitzordu bat jarri dute Mendizabal erretegian. Biharko, ostirala, ezarri du zita Joseba Otaegi zizurkildar aizkolariak, eta Xabier Zaldua zumarragar aizkolariari bota dio erronka: pentatloiko lan berbera egitea buruz buru –Zalduak irabazi zuen zapatuan Azpeitiko zezen plazan jokatutako pentatloia–. 19:00etan Azpeitian izango da, beraz, Otaegi, eta ikusi egin behar Zaldua bertaratuko den edo ez. Izan ere, hark Berria egunkariak egindako elkarrizketan azaldu du ez dela apustua negoziatzera agertuko. Hona hemen Zalduak azaldu duen zergatia: "Pentatloian lehiatu aurretik zurrumurruak baziren, eta emaztearekin hitz eginda nuen aurten behintzat Gabonak lasai pasatuko nituela. Urrezko Koparako izena eman dut, eta joango naiz. Gainera, ez diot zentzurik ikusten pentatloiko lan berak orain egiteari, agian aldaketa batzuk egin balitu...".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide