Atzo, Gudari Egunean, lore eskaintza egin zioten hainbat lagunek Angel Otaegiri. Ohi bezala, Azpeitiko Nuarbe auzoko hilerrira joan ziren Otaegiren senideak eta herritarrak, tartean Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta hainbat zinegotzi, eta Otaegiren hilobian ekitaldia (argazkia) egin zuten han bildutakoek.
43 urte bete ziren atzo Francoren erregimenak Otaegi eta Juan Paredes Manot
Txiki zarauztarra fusilatu zituela eta FRAPeko beste hiru kiderekin batera. Urteurrenaren harira, hainbat ekintza egin zuten egunean zehar Azpeitian eta Zarautzen; Azpeitian, eguerdian, ehundik gora ikaslek
elkarretaratzea egin zuten Sanjuandegiko biribilgunean,
Oroimena, duintasuna eta borroka lelopean. Igandean, berriz, mendi martxa egingo dute Nuarbera. Herritarrak 09:00etan abiatuko dira herriko plazatik, eta eguerdian, 12:30 aldera, ekitaldia egingo dute Nuarben bertan. Han gogoan izango dituzte Otaegi zein Pasaiako segadan hildako Dionisio Aizpuru
Kurro eta Pedro Mari Isart
Pelitxo. Ondoren, hamaiketakoa izango da bertaratzen diren lagunentzat.
Zarautzen, berriz, Txikiren hilobian
ekitaldia egin zuten atzo eguerdian. Haren ahaideak izan ziren protagonista, eta EH Bilduko, Irabazi Zarauzko eta EAJko ordezkariak ere bertaratu ziren.