Ehundik gora ikaslek kontzentrazioa egin dute Gudari Egunean. (Azpeitiko Ikasle Abertzaleak)
Gudari Eguna da gaur, irailak 27. Data horren harira, Azpeitiko ikastetxeetako DBHko eta Batxilergoko ehundik gora ikaslek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Sanjuandegiko biribilgunean,
Oroimena, duintasuna eta borroka lelopean.
Gaurko egunez duela 43 urte, Francoren erregimenak ETAko kide Angel Otaegi nuarbetarra eta Juan Paredes Manot
Txiki zarauztarra hil zituen, FRAPeko beste hiru kiderekin batera. Urteurrenaren harira, haiek izan dituzte gogoan gaurko elkarretaratzean.
Azpeitiko Ikasle Abertzaleakek adierazi duenez, Euskal Herrian izandako "odol jarioa" ez zen frankismoaren kontua "soilik" izan: "Euskal Herri langilearen sufrimendua eta miseria gaur arte luzatu ditu kapitalismoak. Zapalduon aldeko borrokan dihardugunon aurka oldartu izan da sistema kapitalista Espainiako eta Frantziako estatuen bidez; eta etorkizunean ere oldartuko da". Gaurko elkarretaratzean "Euskal Herri langilearen historian izandako errepresioa" salatu dute: "Ehunka kide erahil, espetxeratu, torturatu nahiz erbesteratu dituzte. Horregatik, erabil dezagun egun sinboliko bezain garrantzitsu hau askatasun kolektiboaren alde dena eman dutenen borroka lehen lerrora ekartzeko eta haiek hasitako bide iraultzaileari jarraipena eman behar diogula aldarrikatzeko".
Bestalde, memoria lantzeagatik "erasotutako" ikasleei babesa agertu diete gaurko kontzentrazioan. Gogora ekarri dituzte ekainean EHUren Gasteizko campusean izandako azken atxiloketak. Orduko hartan, Espainiako Guardia Zibilak hiru ikasle atxilotu zituen 2017ko Gudari Egunean egindako ekitaldi baten harira, terrorismoa goratzea egotzita. Tartean zen
Azpeitian atxilotu zuten gazte zestoarra. "Gure besarkadarik beroena erasoa jasan zuten hiru ikasleei nahiz era batean edo bestean burgesiaren indar errepresiboak jasan dituztenei".
(Argazkia: Azpeitiko Ikasle Abertzaleak)
Gudari Egunaren harira antolatutako hitzorduak
Gaur arratsaldean jarraituko dute Azpeitian Gudari Egunaren bueltan antolatutako ekintzek. Hain zuzen, Angel Otaegiren omenezko lore eskaintza egingo dute 19:00etan Nuarbeko hilerrian.
Igandean, aldiz, mendi martxa egingo dute Nuarbera. Martxara animatzen diren herritarrak 09:00etan abiatuko dira herriko plazatik, eta eguerdian, 12:30 aldera, ekitaldia egingo dute Nuarben bertan. Han gogoan izango dituzte Otaegi zein Pasaiako segadan hildako Dionisio Aizpuru
Kurro eta Pedro Mari Isart
Pelitxo. Ondoren, hamaiketakoa izango da bertaratzen diren lagunentzat.