Umoreaz hausnartzeko tartea izango da Sanagustin kulturgunean, aste honetan. Irailaren 24an, 25ean eta 26an Umorea oso kontu serioa da jardunaldiak iritsiko dira Sanagustinera. Antton Olariagaren eta Kike Amonarrizen hitzaldiarekin hasiko da hiru egun iraungo duen jardunaldia. Hilaren 25ean Esklabo alaiak nobela grafiko politikoa aurkeztuko du Asisko Urmenetak eta hilaren 26an Idoia Torregarai umorezale eta umoregileak umoreaz eginiko hausnarketei buruzko bakarrizketa saioa eskainiko du. Herriko irudigileen erakusketa ere izango da, eta dagoeneko ikusgai dago. Kulturaz kooperatibako lagunek Uztarria aldizkarian kolaboratzaile izandako marrazkigileen lanak zintzilikatu dituzte Sanagustingo hormetan. Hain zuzen, Andoni Salegi Otsobeltzen, Enok Suduperen eta Jon Berdejoren lanek osatzen dute erakusketa. Bakoitzak bere modura eta bere estiloan ondutako lanak dira ikusgai daudenak, baina guztiek dute umoretik eta kritikatik. Erakusketa Sanagustinen izango da urriaren 9a arte.