Jakoba Errekondok 'Landareak lantzen' agenda-liburua aurkeztuko du Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2018ko ira. 24a, 13:02

Landareak zaintzeko sasoi bakoitzean zer egin behar den zehaztu du agronomoak liburuan. Bihar aurkeztuko du azken lana, Azoka Plazan, Antton Olariagarekin eta Errezilgo Azoka elkarteko kideekin batera.

Errekondo eta Olariaga. (Dani Blanco) Jakoba Errekondo paisajista eta agronomoak Landareak lantzen gida-liburuaren laugarren argitalpena idatzi du, eta bihar aurkeztuko du bere azken lana Azpeitiko Azoka Plazan, 11:00etan. Landareak zaintzeko garai bakoitzean zer eta nola egin behar den zehaztu du Errekondok Landareak lantzen liburuan. Baratzerako lanabesak dira liburuaren ardatza, baina Errekondok arlo ugari jorratu ditu lanean: izan ere, Euskal Herriko klima mapa, urteko ilgora-ilbera eta ilberri-ilzaharren zikloaren egutegia eta urte sasoien informazioa ematen du liburuaren hasieran, eta baratzea jartzea egin beharreko urratsak ere azaldu ditu. Era berean, baratzeak eta urtaroak antolatzeko taulak txertatu ditu. Errekondok Argiaren bidez argitaratu du Landareak lantzen liburua, eta Bizi-Baratzea liburuarekin hasi zuen bidearen laugarren da. Antton Olariaga komikigileak, berriz, ilustrazio lanak egin ditu. Hala, hilabete bakotza Olariagaren "begietatik" ikusi ahal izango du irakurleak. Biharko aurkezpenean, Errekondok eta Olariagak emango dituzte azalpenak, eta Errezilgo Azoka elkarteak, berriz, sarrera egingo dio saioari. Liburua 12 eurotan eros daiteke, 943-37 15 45 telefonora deituta, denda@argia.eus helbidera idatzita edo Argia dendan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide