Umoreak baditu milaka aurpegi

Gipuzkoako HItza 2018ko irailaren 21a

Umoreari lotutako hamaika gauzaz hausnartzeko aukera izango da datorren astean Azpeitian, 'Umorea oso kontu serioa da' izenburupean Kultur Mahaiak antolatu dituen jardunaldietan. Horren bueltan osatu dute erreportajea 'Gipuzkoako Hitza'-n.

Oso kontu serioa da umorea. Entzutearen entzuteaz, esaera bihurtu den baieztapena da hori. Baina, hala al da benetan? Kontu serioa al da umorea? "Umorea da? Edo serioa da? Kontraesana bada, behintzat", Kike Amonarriz soziolinguista eta umoristaren hitzetan. "Kontra-esan horretan bizi garela uste dut, eta, gainera, oso kontraesan euskalduna dela, batzuk sano gaixotuta eta beste batzuk seko bustita egoten eta ibiltzen garen moduan". Bistakoa da tolosarraren umorerako joera, jarrera kontua baita harentzat, oso kontu serioa. "Denok daukagu umorea, hobea edo okerragoa, umore txarra ere bai baitago. Eta nahiz eta batzuentzat umorea komikoa izan edo graziosoarekin lotu, uste dut askoz gauza sakonagoa dela umorea, bizitzari aurre egiteko aldarte bat dela". Amonarrizen arabera, umoreak balio dezake bizitza desdramatizatzeko, erlatibizatzeko; baina kontrakorako ere bai. Eta erlazio pertsonalak baldintzatzen ditu; "harreman hobeak eta gehiago izaten ditugu irribarreen inguruan, muturbelztuta edo goibelduta gaudenenean baino". Amonarrizen esanetan, umoreak balio du harremanetarako. "Umorea oso ona da osasunarentzat, baina umorea izan daiteke zauritzeko ere, min emateko, kritikatzeko; goikoa kritikatzeko eta behekoa kritikatzeko… Eta, umoreari ematen zaion erabileraren arabera, pertsona baten edo herri bateko egoera soziopolitikoaren berri ere izan dezakegu". "Oso baliabide malgua" da umorea, "erabilera askokoa". Horretaz eta umoreari lotutako beste hamaika gauzaz hausnartzeko aukera izango da datorren astean Azpeitian, Umorea oso kontu serioa da izenburupean Kultur Mahaiak antolatu dituen jardunaldietan. Astelehenean hasi eta asteazkena bitarte, hiru saio egingo dituzte Azpeitian, Sanagustin kulturgunean guztiak, 19:00etan, doan. Astelehenean, umorearen inguruko solasaldia eskainiko dute Amonarrizek berak eta Antton Olariaga marrazkilariak, bien arteko elkarrizketa moduko bat; asteartean, Eusklabo Alaiak nobela grafiko politikoa aurkeztuko du Asisko Urmeneta komikigileak; eta asteazkenean, bakarrizketa saioa egingo du Idoia Torregaraik. Jardunaldiokin, umorea gai gisa jorratu nahi dutela azaldu du Xabier Gantzarain Azpeitiko Kultur Mahaiko kideak. "Ez genuen ikuskizun umoretsu bat bakarrik programatu nahi; testuinguru batekin, norabide batekin eta ikuspegi bat emanez, hainbat ertzetatik jorratu nahi genuen umorea". Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide