Beñadin Lohiague, Faltak Sanagustinen iazko urrian eman zuen kontzertuan. (Alberto Beloki)
Manu Etxegarai (bateria eta ahotsa), Sebastien Delaporte (baxua eta ahotsa) eta Beñadin Lohiague (gitarra eta ahotsa), Falta taldea, Sanagustin kulturguneko Arkupera itzuliko dira gaur,
Falta #2 diskoa aurkeztera. Iazko urrian jo zuten han, musika sortzaile eta proiektu hasiberriei bultzada emateko
Arkupehotsak egitasmoaren barruan. Egitasmo beraren laguntza izan dute lan berria grabatzeko, eta Rodeo izango dute lagun gaurko musika gauean.
Azpeitian lehen ere aritutakoak zarete, baina Falta #2 diskoa aurkeztuko duzue gaur. Berezia izango al da?
Niretzako oso berezia da. Nire talde ohiarekin, Islaia, egin genuen kontzertu bat Sanagustinen, eta leku magikoa iruditu zitzaidan. Eta Faltarekin itzuli nintzenean sentsazio bera izan nuen. Gainera, pertsona berberekin egin nuen topo –bereziki, Xabi teknikaria–; berriz itzultzea plazer hutsa da, zinez. Kontzertu ikaragarria eman nahi dugu, gure indar guztiekin.
Duela urtebete probatu zenuten lehen aldiz Sanagustingo Arkupea. Zer oroitzapen duzue kontzertu hartaz?
Jende goxo-goxoa, familiak, lagunak, bertakoak eta Iparraldekoak, leku zoragarri bat, soinu alimalekoa... Kantu bat grabatu ziguten eta ikusgai dago Youtuben;
Culloden da kantua eta, hain zuzen ere, gure bigarren diskoko lehen kantua da.
Arkupehotsak egitasmoak lagunduta grabatu duzue zuen bigarren lana. Nola baloratzen duzue esperientzia?
Egia esateko, ez genuen ulertu Arkupehotsak lehiaketa bat ere bazela. Orduan, kontzertu normal bat egin genuen, kantu bat grabatu ziguten, esan bezala, eta gu oso pozik. Bizpahiru hilabete beranduago jaso genuen dei bat, lehiaketa irabazi genuela esateko. Alimaleko festa egin genuen gure herriko ostatuan! Proposamena zen diskoa Azpeitian grabatzea, baina hitza emana genion ordurako gure hemengo teknikariari. Orduan, Arkupehotsakekoek diruz lagundu digute prozesuan. Ale batzuk eramango ditugu gaur, oparitzeko.
Nolako diskoa da Falta #2? 2017ko Faltarekin alderatuta, zer nabarmenduko zenukete?
Desberdintasun batzuk badituela esango nuke, gordinagoa da eta berezkotasun handiagoa ere nabaritzen zaio. Baina, noski, betiko errezeta hor dago: post-rock/grunge izpiritua, baina konpromisorik gabe.
Lan berria aurkeztu ondoren, zer erronka dituzue aurretik? Kontzertu gehiago ba al duzue lotuta?
Bai, noski. Biziki maite dugu zuzenean aritzea. Nire ustez, izan ere, Falta zuzeneko talde bat da, indarrez eta energiaz beterikoa.
Ipar Euskal Herriko taldeak Hegoaldean ikustea eta entzutea kostatu egiten dela esan izan da. Horrela al da? Zein da zuen esperientzia?
Guk ez dugu inoiz arazorik izan Hegoaldean aritzeko, kontzertu gehienak han egiten ditugu. Egia da komunikazio aldetik iparraren eta hegoaren arteko harremana oraindik pixka bat zaila dela, baina denborarekin hobetuko da, dudarik gabe. Ez pentsatu Willis Drummond bakarrik dela, talde pila bat dago haiek bezain onak direnak: ZOO, Newhouse, Kuartz, Fusible, Polygorn, Ztah eta abar.
Rodeo taldearekin batera joko duzue gaur. Ezagutzen al dituzue zestoarrak?
Bai, ongi ezagutzen ditugu. Elkarrekin kontzertu bat eman genuen Tolosako Bonberenean, eta niretzako huraxe da gure lehen biraren oroitzapen onena. Txundituta gelditu nintzen haiek entzutean. Gainera, oso goxoak dira.
Zer aurkituko dute gaur Falta ikustera doazenek?
Kontzertu on bat, rock&rolla eta momentu goxo bat, suz eta indarrez betea.