Guraso Eskolak antolatu dituzte Azpeitian, nerabeei lotutako gaiez hausnartzeko

Urola Kostako Hitza 2018ko ira. 20a, 16:30

Gizarte Zerbitzuetako Sailak antolatu ditu saioak Guraso Eskolen barruan. Ikastaroetan parte hartzen duten gurasoek nerabeen kuadrillez eta gazte lokalez nahiz sare sozialena jorratuko dituzte saioetan zehar. Izen-ematea zabalik dago, eta urriaren 8an itxiko dute horretarako epea.

Guraso Eskolak. (Azpeitiko Udala) Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Sailak udazkenerako hiru tailer antolatu ditu Guraso Eskolen barruan. Saio horietan bi gai jorratuko dituzte bereziki: kuadrillen eta gazte lokalen gaia eta sare sozialen gaia. Ikastaroen xedea da gurasoek nerabeekin zer egin eta nola jokatu behar duten hausnartzea. Izar Arregi psikologo-terapeutak gidatuko ditu eskolak, eta parte-hartzaileek, honako gai hauek jorratuko dituzte, besteak beste:
  • Gazteen zenbait errealitatez hausnartu: alkohol kontsumoa, lehen harreman sexualak...
  • Lokalak eta gazteak: zer alderdi on ditu? zein arrisku?
  • Lokaletako alkohol eta drogen kontsumoa.
  • Lokaletako harremanak: lagunartea, sexu harremanak…
  • Guraso bezala zer eta nola egin sare sozialen erabilpenarekin.
  • Diziplina jartzea babesteko eta baloreetan hezteko, ez kontrolatzeko.
  • Ideia irrazionalak eta beldurrak: "nirekin betirako haserretuko da", " beste gurasoak uzten dute", "gaur egun normala omen da"... antzerako ideien inguruko hausnarketa.
Parte-hartzaileek beren interesen arabera aukera ditzakete ikastaroak. Hau da, tailer bakarra edo guztiak aukera ditzakete. Dena den, saioetara joateko ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Hiru bide daude horretarako: ikastaroak@azpeitia.eus helbidera idaztea, udaletxeko Gizarte Zerbitzuen sailera joatea eta 943-15 71 92 telefono zenbakira idaztea. Guraso Eskoletarako izen-ematea urriaren 8an itxiko da. Saio bakoitzaren prezioa 1,5 euro ordaindu beharko dute parte-hartzaileek. Diru kopuru hori ordaintzeko ezintasuna dutenek beka bidez eskura dezakete diru-laguntza. Horretarako  udaletxeko Gizarte Zerbitzuen bulegora jo dezakete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide