Mendizaleek 22 kilometro egin zituzten larunbatean. (Lagun Onak MB)
Azpeitiko Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoaren zazpigarren etapa egin zuten larunbatean Plentzia eta Getxo artean, "eguraldi bikaina" lagun izan zutela. 83 laguneko taldea 08:00etan abiatu zen Azpeititik Gorlizera, bi autobusetan. Hango hondartzatik Plentziarantz ekin zioten ibilaldiari, 09:30eak inguruan. Plentzia atzean utzi, eta Barrikako itsasertzean sartu ziren. Aurrerantzean, itsasertza ondoan izango zuten ibilbide osoan zehar, eta zenbait herri eta hondartza zeharkatu zituzten.
Sopelara iritsi aurretik, hamaiketakoa egin zuten, eta Arrieta hondartzatik barrena ailegatu ziren Sopelara. Ondoren, Barinatxe eta Azkorriko hondartzak igaro zituzten, eta aurrera eginez, Punta Galeara iritsi ziren. Getxora iristean, bazkaltzeko geldialdia egin zuten Arrigunagako hondartza. Sei kilometro falta ziren ibilaldia amaitzeko, eta Getxoko Algorta, Portu Zaharra eta Areeta auzoak zeharkatuz osatu zuten hura. Ia 22 kilometro eginda, Bizkaiko zubian amaitu zuten ibilbidea, 15:35ak inguruan. Ibilaldiko argazkiak aterata, autobusa iritsi bitarteko denbora nahi zuen moduan igaro zuen bakoitzak; zerbait edanez, bainu bat hartuz... 16:20an hartu zuten Azpeitirako bidea, eta 17:35ean iritsi ziren herrira.
Zazpigarren etapa amaituta, azken ibilaldia falta da Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoa amaitzeko. Urriaren 20an izango da irteera, eta 14 kilometro inguruko ibilaldia egingo dute Getxotik Bilbora.
Joan den larunbateko argazkiak helbide honetan ikus daitezke:
https://youtu.be/p7Bh1O4ZidQ; laburpen bideoa, berriz, hemen:
https://youtu.be/p7Bh1O4ZidQ.