Azpeitiko merkatariek Stock Azoka egingo dute irailaren 21ean eta 22an

Urola Kostako Hitza 2018ko ira. 13a, 12:39

Guztira, 37 saltoki izango dira azokan parte hartuko dutenak. Gehienak Azoka Plazan jarriko dute postua, baina beste zenbaitek beren saltoki atarira aterako dituzte postuak. Aisirako tartea ere izango da asteburu horretan, denetariko ekintzak antolatu baititu Bertanek.

Bertan merkatari elkarteko kideek eman dute azokaren berri. (Bertan) Azken urteetako ohiturarekin jarraituta,  Azpeitiko Bertan merkatari elkarteak Stock Azoka antolatu du irailaren 21erako eta 22rako.  Hilaren 21ean, ostirala, arratsaldez zabalduko ditu ateak Stock Azokak, 16:00etatik 21:00etara. Larunbatean, aldiz, goiz eta arratsalde egongo da irekita: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara. Ordu horietan Azpeitiko zenbait txokotan prezio beheratuetan erosketak egiteko aukera izango da. Aurtengoan, guztira, 37 saltokk hartuko dute parte egitasmoan. Stock Azokaren gune nagusia Azoka Plaza izango da, eta bertan, 22 postu aurkitu ahal izango dira: Oinkari, Ilargi, Ubbo, Tilin Talan, Euskadi Sport, Babesa Moda, Mugi Kirolak, Arku, Koh Tao, Mina mertzeria, Irati GazteModa, Larrañaga Kirolak, Nerea Eskulanak, Jostaldi Kirolak, Koket, Pipes, Otola, Aitzaki Kirolak, Zuri-Beltz, Esnaola, Haurtxoa eta Martina Isasti. Horiez gain, beste 15 postu jarriko dituzte dendariek, bakoitza bere saltoki aurrean kokatuta. Erdi kalean, Agirre Opariak, Geu, Biur, Gotain, Azkue, Iosu Optika, Furundarena, Luix Beltza, Jostaldi eta Ufito. Enparantza Nagusian, Saltoka Haur Oinetakoak, Frida eta Oskarbi eta Balentina Agirre Plazan, Edurne oinetako eta osagarriak eta Jose de Artetxen Arantxa Haur denda. Erosketak egiteko aukera ez ezik, aisiaz gozatzeko parada ere izango da Stock Azokaren egunetan Azpeitian. Izan ere, adin guztietako herritarrei zuzendutako egitaraua antolatu dute Bertaneko lagunek. Ostiral arratsaldean, 16:00etatik aurrera, haur eta gazteentzako puzgarriak eta jolasak izango dira plazan. Horrez gain, Stock Azokan erosketak egiteagatik pintxoak doan eskuratzeko aukera izango dute herritarrek. Zapatuan, aldiz, haurrentzako tailerrak izango dira Plaza Txikian, 17:00etan hasita. Jarraian, 18:00etan, herritar guztiei zuzendutako DJ festa hasiko da plazan. Ekimenaren bueltan, zozketa ere antolatu du Bertanek. Azpeitiko etxe guztietara banatuko dira Stock Azokaren inguruko informazioa emateko esku-orriak. Horiek 100 euroko hiru erosketa bonoren zozketan sartzeko aukera emango dute. Zozketan parte hartzeko, esku-orrietan eskatutako datuak bete beharko dira, eta ondoren, asteburuan Azoka Plazan jarriko den kutxa batean sartu beharko dira. Stock Azoka amaitzean, zapatuko 21:00ak aldera, egingo du zozketa Bertanek, eta orduan jakinaraziko dira irabazleen izenak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide