Iban Izagirrek ilustratu du dokumentala. Irudian, Izarraizko harrobiko ilustrazioa. (Iban Izagirre)
Azpeitia-AnnapurnaII 1986 espedizioaren memoria berreskuratzeko proiektuaren azken lanak argia ikusiko du bihar. Iaz abiatu zuten egitasmoa Azpeitiko Paradisu zine klubak eta Kulturaz kooperatibak, 1986an bost mendizale azpeitiarrek Annapurna II mendira egin zuten espedizioaren dokumentala,
Annapurna II 1986, berreskuratzeko eta digitalizatzeko asmoz —Euskadiko Filmategian gordeta zegoen lana ordura arte—. Baina proiektu horrek bazuen bigarren helburu bat: mendizale haiek "abentura" hori nola prestatu zuten gogorarazteko beste dokumental bat egitea. Hain zuzen ere, lan horren emaitza ikusi ahal izango da bihar Soreasu antzokian:
Ametsen harria.
Yuri Agirre arduratu da ikus-entzunezkoa zuzentzeaz. Duela 32 urte, Agustin Arenasek, Agustin Madrazok, Josu Bereziartuak, Jose Mari Azpiazuk eta Jabier Maizek espedizioa nola prestatu zuten jaso du dokumentalean azpeitiarrak, eta, horretarako, haien testigantzak bildu ditu. Artxiboko argazkiekin osatu du dokumentala, eta Iban Izagirre artista azpeitiarrak ilustrazioak egin dizkio dokumentalean aparteko istorio bat kontatzeko.
"Gaur egun espedizio bat antolatzea zaila baldin bada, garai hartan are zailagoa zen". Hori da, Agirreren arabera, Annapurnarako bideari ekin zioten mendizaleek dokumentalean adierazi dutena. "Oso informazio gutxi zegoen orduan, eta teknologia ere ez zegoen egun bezain garatua. Beraz, espedizioa bera eta hartarako prestatzea abentura handia izan zen mendizaleentzat". Batetik, fisikoki prestatu behar izan zuten, eta, horretarako, askotariko ereduak landu zituzten: "Joxe Urbieta
Takolok eta beste batzuek motxilan harriak sartu eta Xoxotera hainbat buelta egiten zituzten egunero, baina beste prestatzaile batzuek eredu modernoagoak erabiltzen zituzten. Azpeitiko mendizaleek bi ereduak nahastu zituzten". Bestetik, finantziazioa lortzeko kanpaina ugari egin zuten herrian, eta auzolanean ere aritu ziren herritar asko: "Klausurako mojak ere lanean jarri zituzten, laguntzeko".
Harri gaineko ideiak
Izarraizko harrobia txoko berezia izan da Azpeitiko eta inguruko mendizaleentzat. "Mendizaleek hamaika abentura amestu dituzte harrobian dagoen harri baten gainean eserita zeuden bitartean". 1986ko Annapurnarako espedizioa ere handik hasi ziren mamitzen mendizaleak, eta dokumentalean ere badu bere presentzia leku horrek. "Izagirrek egindako ilustrazioekin ipuintxo bat sortu dugu. Espedizio hura egitasmo zehatz bat izan zen, eta istorio honen bidez, gizakiaren eta naturaren arteko harremanaz hausnartzen dugu".
Bihar, 19:00etan izango da
Ametsen harria ikus-entzunezkoaren aurkezpena, Soreasun. Ordu erdi irauten duen dokumentala emango dute lehendabizi; eta gero, prozesuan parte hartu dutenek, espedizioko mendizaleek eta Kulturazeko eta zine klubeko kideek, hartuko dute hitza. Horrez gain, asteburuan,
Annapurna II 1986 dokumentala emango dute Soreasun bertan.
Ametsen harria dokumentalarekin, iaz hasitako proiektua amaituko dute sustatzaileek, baina ikusteko dago bi dokumentalek orain zer bide hartuko duten: "Lan nagusia Anapurna II 1986 dokumentala da, eta
Ametsen harria horren sarrera litzateke. Hasierako asmoa zen dokumentalak inguruko herrietan ematea, baina oraingoz ez daukagu ezer lotuta".