Iraurgi Saskibaloi Taldeak teknifikazio eskolaren inguruan hitz egiteko bilera egingo du ostegunean, hilak 13 Azpeitian. ISBk azaldu duenez, 2010. urtean eta 2009an jaiotako umeen gurasoei zuzenduta dago bilkura "bereziki", baina interesa duen edonor hurbil daiteke bertara.
Osteguneko batzarrean teknifikazio eskolaren inguruko zenbait jakinarazpen emango ditu klubak, eta gurasoek beren zalantzak argitzeko parada izango dute. Bilkura Sindikatu Zaharrean izango da, 19:00etan hasita. Azkoitian, aldiz, hurrengo astean egingo du ISBk teknifikazioaren inguruko batzarra, baina oraindik ez dute data eta ordua zehaztu.